Erakusketa ikusi ez duenak zerrekin aurkituko da?
Lan oso desberdinak zintzilikatu ditugu: oleoz egindako erretratuak, pinturak, margoak... Teknika desberdinez egindako lanak dira. Abiapuntua artista baten lana da eta gehienetan beraiek egindako marrazki bat izaten da. Hau da gehien gustatzen zaidana.
Ume eta helduekin aritzen zara lanean, nola moldatzen zara guztiei egokitzeko?
Planteamendua interdiziplinala da, hau da, artea modu eta ikuspuntu askotara ezagutzea da helburua, margoa, marrazkia, eskultura... landuz. Nik gaiak edo teknika batzuk proposatzen dizkiet eta hori lantzen dugu. Umeekin gauza berriak lantzeko aukera paregabea da, haiei asko gustatzen zaie eskulanak egitea, material desberdinekin jolastu, hauek nola moldatu ikasi... Iaz lehen aldiz argizaria modelatu genuen. Argizaria epela dagoenean landu eta forma ematen zaio. Beraiek aukeratzen dute zein kolore erabili, zein forma atera... Egia esan, beraiek ez dakite zer egiten ari diren benetan lana bukatu duten arte. Irudimenaren bitartez gidatzen dira. Oso polita eta aberasgarria da guztiontzat.
Beraz, ikasleak ez dira aspertzen.
Teknika eta material desberdinekin lana egitea gustuko dut eta ez beti berdina landu eta hori errepikatu. Denetarik egiten dugu: erretratua, eskultura, komikia, marrazkia... digitala ere lantzen dugu.
Batzuetan artista batzuen lanak erakusten diet eta berari buruz eta teknikari buruz hitz egiten dugu. Horrela, lan eta teknika desberdinak ezagutzen saiatzen gara. Azken finean, bakoitzak artea bere erara interpretatu dezan saiatzen naiz.
Nola aukeratu dituzue ikusgai dauden lanak?
Denon artean egin dugu aukeraketa eta ez pentsa, ez da erraza izan, eztabaidak izan ditugu. Lana bakoitzak izenburu bat eta egilearen izena darama, honekin ere lanak, batzuek izenaren ordez anonimo jarri nahi zuten eta.
Eskulturak ez dituzue ekarri?
Pena bat da, gauza politak eta bitxiak egin dituztelako, baina lekua ez da egokia hauek ekartzeko, ez dago leku nahikorik. Material desberdinak eskuz moldatu eta horren gainean beste material batzuk jartzen dituzte. Forma oso politak eta interesgarriak atera dira. Askotan nik erabiltzen ditudan teknikak erakusten dizkiet eta beraiek egiten saiatzen dira. Batzuetan transformazio arrarok egiten dituzte. Azken finean, artea horrela da, materialak ikertu...
Erakusketa haurrak motibatzeko modu bat al da?
Nire ustez, beraien lanak erakustea oso garrantzitsua da, ikus dezaten beraiek egiten duten lana ez dela edozer gauza, oso garrantzitsua dela eta besteen iritzia jasotzea eta ezagutzea autoestima lantzeko balio du. Bereziki umeen kasuan oso garrantzitsua da, helduagoek autoestima hori landuagoa dugulako. Nerabezaroan dena hankaz gora jartzen dute, hau zergatik izango da, hau zergatik bai, hau zergatik ez... Horregatik, egiten duten lanei garrantzia ematea oso positiboa dela uste dut.•