Buruntzazpi txirrindularitza eskola sortu da

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abenduaren 19a

“Kirol disziplina barneratu nahi diegu Lasarte-Oria eta Usurbilgo haurrei eta txirrindularitzarako zaletasuna bultzatu”, dio Alex Urkiola Buruntzazpi, hastapen eta etekin handiko txirrindularitza eskolako presidenteak. Asteazkenean eskainitako prentsaurrekoan azaldu zuen bezala, “eskolak ziklokrossa eta BTT uztartu nahi ditu batez ere. Baina errepidea ere ukituko dugu.”

Laguntza

Urkiolak azaldu zuenez, Rural Kutxa, Urbil merkatal zentroaren eta Lasarte-Oria, zein Usurbilgo udalen laguntza izan du Bazpi eskolak.
Rural Kutxak ekipamendua jarriko du, Usurbilgo Udalak gihartze gela, Lasarte-Oriakoak bulegoa eta Urbilek lasterketa egunetan errepidea eta parkina. Honetaz gain, ziklokros pista iraunkorra egin nahi dute Froilan Elespe parkea eta Urbilen arteko zelaian, beraz, udalei lur eremu hori erabiltzeko eskaria egin zaie.

Maila desberdinak

Haur, heldu, neska edo mutila izan eskolak ez du desberdintasunik egingo. Honela, eskolak hiru talde nagusi izango ditu, hastapenekoa, federatuena eta hirugarrena zikloturistena.
Bazpi eskolako hastapen maila 8 eta 12 urte artekoen eskolaz kanpoko jarduera bezala aurkezten da. Hauekin txirrindaren erabilera landuko da. Horretarako, ginkana zirkuituak antolatuko dira Usurbilen eta Lasarte-Orian bertan.
12 urtetik 17rako gazteek federatuen taldea osatuko dute eta Ramon Unanue zuzendaritzapean egongo dira.
Zikloturista taldea beste taldeetan bezala arautua egongo da eta taldeak prestatutako, zein haiek nahi dituzten lasterketetan parte hartu ahalko dute. “Inplikazioa eskatuko diegu,” aipatu zuen Alexek.

Kuota eta izena ematea

Eskolaren kuota 8 eta 12 urte artekoentzat 50 euro izango da eta 12 urtetik gorakoena, 100 euro.
Honetaz gain, udalen eta Rural Kutxaren eskakizunei erantzunez, kiroldegiko bazkide izan eta Rural Kutxan kontua ireki beharko dute.
Bazpi eskolan izena emateko Kima eta MKL dendan aurkitu dituzue orriak. Informazio gehiagorako deitu 686 317 750 telefono zenbakira.•