Zero Setteren arrakasta Leonen

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abenduaren 19a

Zero Sette akordeoi orkestrak ez du atsedenaldirik hartzen. Lehengo asteburuan Leonen arrakasta handia lortu zuten La Venatoria elkarteko aretoan eta hilaren bukaeran, abenduaren 27an, Eibarren La Salleko anaien 50. urtemuga ospakizunetan parte hartuko du.

Bosgarren urtea da Elias Goikouriaren mutilek Leoneko La Venatoria elkartean kontzertua eskaintzen dutena eta horregatik programa desberdina erakutsi larunbateko kontzertuan.
La Venatorian bederatzi abesti eskaini zituen Lasarte-Oriako orkestrak, besteak beste ohikoak diren Rossiniren Guillermo Tell obraren Obertura, La boda de Luis Alonso Jerónimo Giménezen obra edo Rixenerren Bagatela. Hauetako bost Leoneko elkartearen aretoan entzun gabekoak gainera, Bizeten Carmen, Damaso Perez Pradoren Mambo nº5 edo Merceroren Pozik-Txoria saltari obrak, esate baterako.
Azken honetan ohikoa da Erketzeko bi dantzariren laguntza izatea, baina Javier Zatarainek adierazi digunez, eszenatokian dantza egiteko lekurik ez zegoenez, orkestrak bakarrik eskaini zuen lana.
Zero Settek eskertza moduan, bi abesti eskaini zituen emanaldiari amaiera emateko bata Marcha Radetzky eta bestea, ikusleen ahotsen laguntzaz, Leoneko ereserkia.

Kritika
Miguel Angel Nepomuceno, Diario de Leoneko musika kritikoak asteleheneko zutabean zera zioen kontzertuari buruz, "bost urte dira, La Venatoria elkartean txalo zaparrada jasotzen dutena eta ez dago Gabonik Zero Sette akordeoi talde euskaldunak elkarteko aretoa leporaino betetzen duen publiko anitza hunkitzen ez duenik. Inork ez zituen kontzertuak iraun zituen 90 minutuak galdu nahi, hau dantzara bultzatzen eta ezbeharrak ezabatzen dituen eta, era berean, errepertorio herrikoiko obra ezagunak dibulgatzen dituen musika kutsakorraz osatua dago”.
Eta honela jarraitzen zuen, “Elias Goikouriak, bere zuzendariak, badaki hori eta horregatik saio bakoitzean, lanen interpretazioek erakusten dituzten kalitatea eta lana bat datoz berotasun eta freskotasunarekin. Oraingoan, eskainitako programa berritasun ugariz osatua zegoen, jotzeko zailak diren obrak eta erritmo desberdinez betetako programa. Lanen irakurketek publiko eskertuaren gozamena eta onespena izan zuten..."

Atsedenik ez
Baina hau ez da Lasarte-Oriako orkestrak 2008 urte honetan duen azkeneko emanaldia.
Abenduaren 27an, Eibarreko Coliseo antzokian La Salleko anaien 50. urtemuga ospakizunetan parte hartuko du akordeoi orkestrak.
Gainera, Zero Sette ez da bakarrik egongo saio horretan, Erketz D.T. eta Amaia Gonzalezen ikasleen laguntza izango baitu. •