Talo postua jarriko dute, nahi duenak talo goxo-goxo eta bero-beroak txistorrarekin, txokolatearekin edo gaztarekin jateko; momentuan danbolinean erretako gaztainak jateaz gain, eztarria busti ahal izateko hurbiltzen den guztiari Otegi sagardotegiko sagardoa doan banatuko zaio.
Txikienei hain erakargarria zaien txerria ikusgai ere izango da.
Hotza astintzeko
Euskalmet-ek, euskal metereologia agentziak, iragarri duenez, igande goizean tenperatura egonkorra izango da, hau da, hotza, baina ateri, hodei gutxi eta haize ahula egongo da. Beraz, hotza astintzeko trikitilariak arituko dira goiza girotzen. Aurreko urteetan hasitako bideari jarraituz, erromeria egingo da. Amalur trikiti taldekoek eta herriko txistulariek girotuko dute, eta Erketzeko erromeri ikastaroko ikasleak arituko dira oinak astintzen. Erromeria erabat irekia izango da eta dantzan aritzea gustatzen zaion edonork parte hartu dezake. Tartean gainera, herriko bertso-eskolako bertsolariak arituko dira kantu librean.
Beraz, igandean, “goiz pasa ederra egiteko aukera paregabea dute herritarrek”.•