Euskal jantzi tradizionala merke

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abe. 19a, 01:00

Igandean Santo Tomas eguna da eta hurrengo astean Gabonak. Euskal jantzi tradizionala jazteko garaia dugu, beraz.
Egun, era guztietako jantziak ikus daitezke, iaz Ttakun Kultur Elkarteak jantzi tradizionalari buruzko hitzaldia egin zuen.
Aurtengoan, hitzaldi horretan Olatz Razkinek emandako aholkuek jarraituaz jantzi tradizionala egiteko jostun ikastaroaren txanda izan da. Modu merkean bakoitzaren gustuko eta ohiturak jarraitzen dituen euskal jantzi tradizional berria izateko aukera eman zaie ikasleei.

Ikastaroa

14 lasarteoriar izan dira Erribera kaleko lehenengoan dagoen lokalean azarotik abendura, astearte eta ostegun arratsaldero bildu direnak.
Bertan, Ione Artola eta Mailu Arrutiren gomendioak jarraituz, gonak, azpiko gonak, txalekoak, zapiak, mantalak eta gizonezkoentzat txalekoak egin dituzte.
“Bakoitzak bere gustuko oihalak aukeratu eta erosi ditu,” azaldu digu Mailu Arruti ikastaroaren arduradunak.
Ondoren, Ione Artolaren laguntzaz neurriak hartu, jantzi zatiak moztu eta zati horiek era aproposenean nola josi ikasi dute.

Lan izugarria
Nahiz eta azken eguna atzo koa izan, argazkietan ikus daitekeen bezala, gu bixita egitera joan ginenerako batzuk jantzia bukatua zuten eta besteek azkeneko puntadak ematen ikusi genituen. Guztia prest, beraz, iganderako.
Mailuk adierazi digunez, “lehenengo asmoa bakoitzak jantziaren zati bat egitea zen arren, taldea ongi moldatu da eta jantzi osoak egin dituzte.”
Ondoren, zera atxiki du, “hala ere, ez dute hemen lana egin soilik, etxean ere lan izugarria egin baitute batzuk.”
“Aipagarria da Ione Artolaren lana. Nabari da irakastera ohitua dagoela. Honek gauzak asko erraztu ditu,” aipatu digu ikastaroko arduradun den Mailu Arrutik.
Era berean, batzuk josten zuten bitartean besteek jantziaren elementu garrantzitsu diren mantala eta zapia egiteko bainika ikastaroa egin dute.

Jarraitzeko asmoa
Giro ezin hobea nabari da taldean eta Ionerekin sortu den harremana hain ona da, jostun ikastaroarekin jarraitzeko asmoa dutela adierazi digute taldekideek.
“Hurrengo urtean honekin jarraitzeko asmoa dute, ikusi beharko orduan egiten dituzten lanak,” adierazi du ikastaroaren arduradunak. •