Heldu zaigu Lasarteko gazteon egun handia; urte osoan zehar zain izan ostean, iritsi da azkenean denok espero genuen eguna: abenduaren 27a, egun Multimusikala. Beno, oraingo honetan asteburu musikala ere dei geniezaioke, izan ere, berritasunez betea baitator aurtengoan Txorimalo Gazte Kolektiboaren urteurren jaialdia. Orain zortzi urte, herrian, gazte esparruaren baitan zeuden gabezietaz jabeturik lanari ekin zioten haiek, urtero prestatu dute herriko hainbat tabernatan barrena jaialdi berezi hau, urtetik urtera eman digute lasartearroi, behintzat egun batez musika jaialdi anitz, fresko eta berritzaile batez gozatzeko aukera. Eta aurtengoa ere ez da gutxiago izango.
Gune estalia Okendon
Berritasuna da nagusi VII. edizio honetan, antolatzaileek dioten moduan: "jaialdiari halako duintasun bat eman nahi diogu. Aurreko urteetan egun txukunak antolatu izan ditugu, parte hartze handikoak, festa ederrekoak, baina aurtengoan egitarau ordenatuago bat, azpiegitura txukunagoa... eskaini nahi izan ditugu." Berritasun nagusiena kaleko gunearena izango da"; urteroko moduan, herriko hainbat tabernek hartuko dute parte jaialdian, zehazki aurtengoan, Udaberri, Sustrai, Jalgi, Xirimiri, Ilargi eta Obelix izango dira. Hauetan, urteroko moduan arratsaldean zehar kontzertu andana izango da, eta gauean berriz disko jartzaileak. Okendon berriz, oraingoan kaleko gunea delakoa izango da, 225 metro karratuko karpa estalia, eta bertan egun osoan zehar egitarau anitzaz gozatzeko aukera izango dugu. Zehazki, kaleko guneak goizeko 11:30ean izango du irekiera, eta goiz goizetik izango da bertan zertan aritu.
Aipatzekoa da, jaialdian parte hartuko duten talde guztiek egiten dutela bat Copyleft edota Anticopyright planteamenduarekin, beraz SGAEren moduko elkarteek ez dutela jaialdiarekin inongo harremanik izango. Musika aske eta herrikoaren hautu garbia, horratio!
Berritasunak aipatu ditugu lehen, eta bada beste berritasunik aurtengo edizioan. Izan ere, igandean ere Multimusikalak izango du egitaraua, Okendoko gune estalian. 28an Okendoko frontoian Buruntzaldeko pilota txapelketa ospatuko da, eta bertan, Multimusikalekoek eguerditik hasita pintxoak, sagardo dastaketa, musika herrikoia eta orohar giroa jarriko dituzte pilotariek kemenez joka dezaten.
Arratsaldeko kontzertuaren ostean hainbat sorpresa izango dira, eta igandean ere festa ordu txikitara arte luzatuko dela, musika, barra, festa eta dantza behintzat izango dela.
Nola lagundu
Ez da txantxetakoa aurtengoan herriko gazteek bota duten erronka. Gabeziak hain nabariak diren gure herri honetan, herriko gazteek honelakoak planteatze hutsak poza ematen du. Halere, aipatu digute jaialdia guztiz autokudeatua delarik hainbat eta hainbat diru irteerari aurre egin behar dietelarik. Horretarako, Kutxako kontu korronte bat eman digute, inork laguntzarik edo eman nahiko balu bertan egin dezan. Era berean, Multimusikaleko cd-a ere herriko tabernetan salgai dagoela gogorarazi digute, eta bertako dirua ere jaialdirako izango dela. Kutxako kontu zenbakia hau da: 2101 0048 20 0125573386, inork lagundu nahiko balu jaialdiaren onurarako izango da.
Jendeari azaltzeko deia egiten diote jaialdian parte hartzeko, eta batez ere, musikan era aske eta herrikoi batean murgiltzeko. Aurrera Multimusikala eta Zorionak Txorimalo! •