Bosgarren urtea da Zero Sette Leonera bidaiatzen dena, hala ere, La Venatoria elkartean jotzen duen laugarrena dela jakin arazi digu Javier Zatarainek.
Abenduaren 15eko kontzertuan bederatzi obra eskaini zituzten Elias Goikouriaren mutilek. Gehienak lasarteoriatarrei ezagunak egiten zaizkienak, hala nola, Fantasia rusa, La Revoltosa edo El Bateo. Baina melodia berriak ere baziren eta hauen artean estreinaldia bat, Bagatela obra.
Programa bukatu eta, Zatarainek azaldu digunez, esker bezala bi obra eskaini behar izan zituen talde lasarteoriatarrak Ragon Falez pasodoblea eta Brasilia. Hala ere, kontzertuari bukaera emateko, La Venatoria elkarteko abesbatzarekin batera Zero Settek Leongo Himnoa jo zuen guztiak zutik jarriaz.
Zero Sette Kursaalean
Urtearekin bukatzeko Donostiako Orfeoia eta Unicefek antolatutako Haurrena haurrentzat kontzertuetan parte hartu zuen talde gonbidatu gisa. Lasarte-Oriako taldeaz gain, Orfeoi Txikiak, Xabier Lizaso piano joleak, Jose Luis Toledano ipuin kontaria eta Danza 84 Estudioko dantzariek parte hartu zuten Iruñean eta Donostian eskaini ziren bi emanaldietan.
Azpimarragarria da, Zero Settek Kursaaleko aretoan jotzen zuen lehenengo aldia zuela. Honela, E. Goikouriak zuzendutako taldeak G. Rossiniren Guillermo Tell obraren obertura jo zuen eta, ostean, Orfeoi Txikia lagunduaz, I. Berlinen Blanca Navidad eta J. M. Oyarzabalek moldatutako Ator-Ator.
Era honetara, XX. urteurrenari bukaera ezin hobea eman dio Lasarte-Oriako Zero Sette Akordeoi Orkestrak.•