Aurrera ez egiteaz gain, laguntzen murriztapen progresiboaren ondorioz elikadura krisialdi batean murgilduta dago herria eta anemia zein desnutrizio tasa larriak jasaten ari dira haur eta emakumeak bereziki. Lasarte-Oriako elkarteko ordezkariek azaldu dutenaren arabera, "NBEko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziak (ACNUR) gero eta elikagai gutxiago bidaltzen ditu eta egun legamia eta tea besterik ez ditu ematen".
Munduko Elikadura Programak (PAM) ere ez ditu azkenaldian bere konpromezuak bete, 2007ko irailean, adibidez, "hileko kuotaren %44a besterik ez baitu bidali". "Urrian eta azaroan, aldiz, ez dute ezer jaso eta abenduaren hasieran irin apur bat soilik iritsi zitzaien", Luisma Lopezek, Saharan izan berri den herriko elkarteko kideak egiaztatu duen bezala.
Horrez gain, NBEren barne dagoen agentzia honek "kanpamentuetan dauden 200.000tik gora sahararrak kontuan hartu beharrean 158.000 inguru zenbatzen ditu eta helarazten duen laguntza kantitatea azken zifrari dagokio", adierazi dute. Murrizketa horiek Marokorekin bat egiten duen Frantziaren presioei atxikitzen dizkiete.
Larrialdiari aurre egiteko, IV. Euskal Karabana jarri du martxan Saharar Herriaren Aldeko Elkarteen Koordinakundeak Euskal Fondoaren laguntzarekin. Herriko elkarteko partaideek ekimenarekin bat egiteko deialdia luzatu dute eta jendeak eskaintzen dituen elikagaiak bilduko dituzte hil honetan.
Errefuxiatuen bizilekuaren baldintza ezegokiak direla eta ezinbestekoa dute kanpotik datorren laguntza bizirauteko. Eta aurreko urteetako kanpainak arrakastatsuak izan badira ere, zoritxarrez, bildutako elikagaiak ez dira nahikoak sahararren beharrak asetzeko. "Iaz Euskadi mailan 400 tona inguru biltzea lortu zen eta, asko dirudien arren, pertsona bakoitzari bi kilo baino gutxiago egokitu zitzaion urte osorako". Beraz, aurtengo kanpaina laguntza hori gizentzeko helburuarekin dator, leloak dioen antzera, sahararren artean itxaropena piztu asmoz eta, nolabait ere, oinarrizko eskubideen aldeko borrokarako adorea emateko.•