Oztabide auzo elkarte berria martxan dago

Txintxarri 2008ko abenduaren 31

Arranbideko auzokideek Oztabide auzo elkartea sortu dute, Arranbide eta Oztaran auzoek behar dituzten beharrei eta arazoei aurre egiteko. Joseba Iparraguirre eta Xabi Herrera elkarteko kideekin hitz egin dugu elkartearen berri emateko.

Itziar Carrasco

Oztabide auzo elkartea aurreko urteko udan hasi zen eratzen, auzoko arazoak konpontzeko helburuarekin. "Udalaren aldetik nahiko ahaztuak sentitzen ginen, auzoak dituen hainbat arazoen aurrean ez zuelako ezer egiten", azaltzen dute Arranbidekoek, "eskailera mekanikoak auzoaren aldapa ekiditeko iaz jarri ziren martxan. Auzokideei ongi datorkigu, baina jarri zituztenetik Udalak ez da hauetaz arduratu eta hauekin bezala beste hainbat gaiekin".
Elkartearen helburua zein den azaldu digute Josebak eta Xabik: "gure helburu bakarra Arranbide eta Oztaran auzoen eta Udalaren arteko zubia izatea da, auzo hauetan sortzen diren arazoak eta beharrak udalari helarazteko". Aurreko hilabete hauetan auzoko zortzi lagun bildu dira eta auzoek dituzten beharrak eta arazoak aztertu dituzte Udalari komunikatzeko.

Elkartearen eskaerak
Momentuz, elkartekideek jakinarazi digutenez, Martin Moreno Zerbitzu Publikoetako arduradunarekin bilera bat egin dute auzokideen kezkak eta eskaerak transmititzeko, besteak beste: elkarte kideek biltzeko egoitza bat behar dute, Arranbide kaletik Txartel kalerako errepidea arriskutsua izan ez dadin zentzu bakarra jarri behar da -dagoeneko eginda-, Arranbide 6. zenbakiaren aurrean berritu duten hormatik ur zikina erortzen da, Txartel kalera doan bide-gorriaren ondoan dagoen gunea egoera kaxkarrean geratu da eskailera mekanikoaren lanen ondorioz, beraz gune hau aparkaleku bezala erabili dadin egokitu dezaten etab.
Elkarte kideek pozik agertu dira Udalak Oztabide elkartearen eskaerei erantzuten hasi delako: "Kontentu gaude Udalan entzun eta eskaerei kasu egiten hasi direlako eta eskerrak eman nahi diegu eskatzen genuen aparkamenduaren egokitzea egiten ari direlako", honen harira, "pixkanaka gure auzoak hobekuntzak izango dituela ziur gaude. Horregatik, oso garrantzitsua da bizilagunen parte hartzea".
Elkarteak egindako eskaeren artean dirulaguntza zegoen, baina ezezkoa jaso dute, elkarteek Lasarte-Oriako Udaleko dirulaguntzak jaso ahal izateko ekintzaren bat antolatu behar baitute. Erantzun honen aurrean eta elkartearen funtzionamendurako gutxieneko dirua behar dutenez (materiala erosteko, fotokopiak egiteko...) kaxa amankomun bat sortzea erabaki dute. Horregatik, portal bakoitzak diru kopuru batekin lagunduko du.

Hilero bilerak
Oztabideko osatzen duten bizilagunak hileko hirugarren larunbatero, Arranbideko 10.zenbakian, goizeko 11:00etan biltzen dira. Elkarteak Udalari bilerak egiteko egoitza bat eskatu dio: "Urnietako bidean dagoen parapetoa eskaini digute, baina hau aukera egokiena ez dela uste dugu, auzoan adinako jende asko dago eta urruti geratzen zaielako".
Momentuz portaletako lehendakariak biltzen dira, baina uste dute, oso garrantzitsua dela auzoko bizilagunen parte hartzea hauen kezkak, beharrak eta arazoak hobeto ezagutu eta jasotzeko. "Gure esku dago gure auzoen hobekuntza, gure inguruko arazoak eta beharrak oso ondo ezagutzen ditugu eta".
Oztabide auzo elkarteak Ongizate elkartearen laguntza eskertu nahi du, elkarte berria eratzeko hauengan jasotako laguntzarengatik.•