Itziar Carrasco
Nola sortzen da "Kontrako bidean"?
Beti inguruko gaiak aukeratzen ditut nire lanetarako eta kasu honetan, hurbiletik bizi izan ditudan gaia batzuk jaso eta gero fikzio batean sartu ditut. Abiapuntua egungo egoera bat izan da: zahar etxe batean greba sortzen da. Istorioa garatzeko pertsonaiak behar nituen: Juli eta Ramon aiton-amon senar emaztea, Txaro zaintzailea, Patxi senar- emaztearen semea eta hauen biloba. Azken finean, belaunaldi ezberdinetako pertsonai hauek inguruan duten errealitatearen aurrean duten jarrera agertzen da. Honen inguruan hausnarketa txiki bat egin nahi izan dut, besterik ez.
Zergatik "Kontrako bidean" izenburua?
Julik burua kontrako bidean dauka, alzeimerrak jota dago. Gai hau landu nahi nuen, gertutik bizi izan dudalako. Ramoneri tumore bat aurkitzen diote. Txaro zaindaria, senarrarekin banatu berria dago eta etxe berean bizitzen jarraitzen du. Hiru pertsonai nagusiak eta antzezlanaren oinarria dira hauek eta euren bizitza kontrako bidean dituzte. Hausnarketa txiki bat egin nahi izan dut gai hauen inguruan, besterik ez.
Noiz eta nola erabakitzen duzu lanari amaiera ematea?
Bideak istorioaren bukaera ematen dizu. Lan honek bukaera nahiko itxaropentsua du eta normalean ez naiz asko fidatzen bukaera politetaz. Lanak ondo bukatu behar baldin badu, ondo bukatzen da. Kasu honetan, pertsonai batzuen bukaera ez da hain ona, bata alzeimerra eta bestea minbizia baitute, baina, hala ere, amaiera itxaropentsua da.
Epai mahaikoek antzezlana lehen bait lehen taularen gainean ikustea gustatuko litzaiekela esan dute.
Beti esaten dute gauza bera, logikoa da. Zaila ikusten dut nire lana taulan ikustea. Estatistikoki ikusten badugu, lehiaketetan saritu diren lanak normalean ez dira taularatzen. Jende gutxi doa antzerkia ikustera eta gainera lantzen ditudan gaiak ez dira oso erakargarriak.
Zein antzerki konpainiari eskainiko zenioke antzezlan hau?
Ez dut preferentziarik. Ausartzen baldin badira nire lan batekin, berdin zait zeinek egiten duen.
Euskaraz idaztea erronka bat da zuretzat, baina Patri Urkizuk Kontrako bidean "euskara aberatsean emana dagoela" adierazi du.
Hori ere beti esaten dute. Dudarik gabe euskara idazteko garaian etsaia dut, baina uste dut idazle askori gertatzen zaion zerbait dela, beraz ez du meritu handirik. Kontutan izan behar da antzerkiaren oinarria elkarrizketa dela eta erabiltzen den hizkuntza, parlatura da, Sastrek esaten duen bezala. Hau da, ez dugula hitz egiten idazten dugun modura. Alde horretatik, modu garbian idazten saiatzen naiz. Hizkuntza tresna bezala erabiltzen dut helburua komunikatzea baita, beraz modu garbienean egiten saiatzen naiz.
Egiten dituzun lanak ez dira komertzialak, kontrako bidean al zoaz?
Orokorrean erabiltzen ditudan gaiak ez dira oso komertzialak. Hori da agian, arazoetako bat edo muga bat. Azken finean gizartean dagoen arazo bat. Ekoizleek saldu behar dute, beraz jendeak eskatzen duen produktua egiten dute, arinak, komediak...
Lau literatur sari irabazi dituzu, epai mahaikoak ezagutzen al zenituen aurretik?
Hau argitu behar da (ja, ja). Ezagunak dira, baina ez ditut pertsonalki ezagutzen. Normalean lehiaketa hauetako epaileak berdinak izaten dira. Iruñako haurrentzako antzerki lehiaketako epaileak, berriz, aldatzen joaten dira. Hurrengo urteko lehiaketan epai mahaian izateko eskatu didate.
Zertan ari zara?
Momentu honetan ez naiz ezer idazten ari. Kontrako bidean argitaratzeko prestatzen ari naiz, moldaketak eta zuzenketak egiten.•