Herriko haurrek ostiralean ospatu zuten Donostia eguna

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abenduaren 31

Arratsaldeko 16:00etan hasi ziren lehenengo danbor hotsak entzuten Lasarte-Orian. Ez da bakarrik Donostiako edo Azpeitiako festa danborrada, gure herriko ikastetxeetako haurrek ere egunak eman dituzte Donostia eguneko danborrada entsaiatzen.
Sasoeta-Zumaburu Ikastetxeko eta Landaberri Ikastolako ehunka ikaslek -Garaikoetxeako nahiz Zubietako eraikinekoak- aurreko egunetan prestatu zituzten arropak jantzi, danborrak hartu eta Raimundo Sarriegiren piezak jotzeari ekin zioten.
Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko haur guztiak Sasoetako eraikinean bildu ziren; lau eta hamabi urte bitarteko berrehun eta berrogeita hamar ikasle inguru, konpainia desberdinetan elegante-elegante banaturik hainbat pieza jo zituzten.
Landaberri ikastolako ikasle guztiek ere berdin egin zuten. Garaikoetxea eraikinean lau eta zazpi urte bitarteko bostehun haur inguru patioan astindu zituzten beraien danborrak Donostiako martxa, Iriyarena edo Polka abestien erritmora, txikienek ilusio handiz astindu zituzten gainera. Landaberriko Zubietako eraikineko berrehun eta hirurogeita hamar ikasleek ere txintxo-txintxo jarraitu zituzten zuzendarien aginduak.
Eta nola ez, lehen esandako entsegu guztien emaitzak ikusteko gurasoak hurbildu ziren ikastetxeetara, beraien seme-alabak danborra jotzen ikusi eta entzutera.
Aurten Donostia eguna igandea izanik, aukera paregabea dago Donostiara edo Azpeitira hurbildu eta festaz gozatzera.•