Atez-ateko zabor bilketaren eredua ate joka dator

itziar-carrasco 2008ko abenduaren 31

Itziar Carrasco

San Markos eta Debagoieneko Mankomunitateetako eta Gipuzkoako zenbait herritako udal ordezkari, teknikari eta errausketaren aurkako plataformetako kideak Bartzelonako probintzian eta Mallorcan izan dira atez-ateko zabor bilketa sistema eta martxan dauden konpost plantak ikusi, aztertu eta ezagutzeko. Lasarte-Oria Bizirik taldeko Ainhoa Ortegak San Markos Mankomunitateak antolatu duen hiru egunetako bidaian egon da eta han zer ikusi eta ikasi duten laburbildu digu.
Sortzen dugun zabor kopurua gero eta handiagoa da eta hau arazo globala bilakatu da. Orain arte zaborra kudeatzeko ereduak zaharkituak geratzen ari dira eta gainera gure ingurumena eta gure osasunarentzat guztiz kutsakorrak direla erakutsi dute.
Gipuzkoak ere, momentu honetan duen arazoetako bat, zaborra da eta gainera, denbora pasa ala areagotzen doan zerbait da: aurreikusitako ekimenak martxan jartzeko epeak bukatzen ari dira, San Markoseko zabortegi inguruko auzokideek kalera ateratzen dira honen itxiera eskatzeko, alternatibak abian jartzeko denbora behar da... San Markoseko arduradunek zaborraren arazoari irtenbide bat eman nahi diote eta atez ateko zabor bilketa sisteman sinisten dute. Horregatik, Kataluiniako eta Mallorkako ereduak gertutik ezagutzera joan dira.
Lasarte-Oria Bizirik taldeko kideak azaldu digunez, oso esperientzia aberasgarria izan da. "errausketaren aurkako plataformatik beti hitz egiten dugu alternatibei buruz, beste herrietan funtzionatzen dutela irakurri, esan eta entzun dugu, baina, oraingoan, bidai honetan protagonistekin hitz egin dugu zuzenean. Atez-ateko zabor bilketa posible izateaz gain, zaborra kudeatzeko sistema eraginkorrena dela uste dut".
Lasarte-Oriako ordezkariek egindako bidai honetan Puigpunyent, Mallorkako herria, bisitatu dute. Herri hau, atez-ateko zabor bilketaren eredu da. Herri honek duela lau bat urte atez-ateko zabor bilketa aurrera atera ahal izateko, sentsibilizazio eta informazio kanpaina bati ekin zion. Agenda 21 taldean taldetxo bat sortu zuten atez-ateko sistema garatzeko. Talde hau sistema honen aldeko eta ez hain kontzientziatua zegoen bizilagunek osatu zuten. Boluntario taldeak atez ate bilketa sistema zertan datzan azaltzen aritu zen. Sentsibilizazio kanpaina haurrei zuzentzea ezinbestekoa ikusi zuten, "hauek baitira gurasoengan eragina dutenak".
Atez-ate
Atez-ate zabor bilketa egiteko etxe bakoitzean ontzi bat eta konpostatu daitezkeen poltsak banatu zituzten eta aldi berean, asteko zabor bilketaren egutegi bat egin zuten: astean hirutan zabor organikoa, bitan ontziak, papera behin eta gainontzekoa astean behin ere. Beira, oraindik kaleetan jarrita dauden birziklatzeko ontzietan botatzen dituzte eta Ainhoak kontatu digunez, pardelak, konpresak eta antisorgailuak beste poltsa batean jasotzen dituzte. Zaborra ateetan ordu zehatz batzuetan utzi behar dute.
Egitasmo honekin kontentu daude, izan ere 2003. urtean zabortegietara edo erreustegietara hondakinen %80a zuzentzen zen. Egun, %19ra murriztea lortu dute, hau da, zaborraren %81a birziklatu, berreskuratu edo konpostatzen dute. Denbora honetan biztanle kopurua handitu den arren, hondakinen ekoizpenak behera jo du.
Egitasmo hau martxan jarri zutenetik, pixkanaka neurriak jarri behar izan dituzte atez-ateko zabor bilketa eraginkorra izan dadin. Hasieran, kanpoko enpresa baten esku jarri zuten bilketa baina hauek ez zuten ongi kudeatzen. Orduan, gai honekiko sentsibilizatuta zeuden langileak jartzea erabaki zuen udalak. Langile hauek zaborraren bereizketa ongi egiten dela ziurtatzen dute, hau da, egokitzen ez zaien ordutegian eta egunetan zaborra ateratzen dutenei ez diete zaborra biltzen eta ohartxo bat uzten diete. Berriz ere gauza bera gertatzen bada beraiekin hitz egiten dute zuzenean eta kasu txarrenean, kasurik egin gabe jarraitzen baldin badute, isuna jartzen diete.
Bilketa sistema honek beste aukera bat eskaintzen du: emergentzi guneak. Hau da, zehaztutako ordutegietan zaborra ezin badute atera, herriko gune batean eguneko edozein ordutan bota dezaketen ontzi batzuk dituzte.
San Markos Mankomunitateak antolatu duen bidaian ez dute Puigpunyent herriko esperientzia soilik ezagutu, Kataluinako hainbat herritan izan dira, atez-ateko zabor bilketa ereduak eta konpost plantak ikusten: Argentona, Canet de Mar eta Saint Feliu de Codines. Baina hauek ez dira ekimen hauek martxan dituzten herri bakarrak, egun, Kataluina osoan 70 herritan atez-ateko zabor bilketa egiten da.

Konpostajea
Konpostaje hitza entzuten dugunean, prozesu arraroa edo berritzailea datorkigu burura. Baina, oker gaude. Konpost hitza ingelesetik dator, ongarria edo simaurra esan nahi du. Gure aiton-amonek konposta egiten zuten etxean sortzen zen zaborrari irtenbide bat emateko, ondoren ongarri bezala erabiltzeko. Azken finean, naturak egiten duen prozesu berdina da.
Egun, gauza bera egiten da, baina modu kontrolatu batean. Materia organikoa degradatzen duten mikroorganismoentzako baldintza egokiak sortzean datza. Txinatarrek duela 4.000 urte egiten zuten zerbait zen. Beraz, ez gara ezer asmatzen ari.
Bartzelonako Ecoparc II, Penedeseko zerbitzu gunea, Palma de Mallorka eta Puigpunyent herriko konpost plantak ezagutu dituzte bidaian joan direnak.
Ainhoak AP-7an dagoen Penedeseko zerbitzu guneko esperientzia kontatu digu. Dirudienez, laranja azalei esker hasi ziren konpostatzen zerbitzu gune horretan. Urtean, 4.000 tona laranja erabiltzen dituzte, horietatik 3.000 tona hondakinak dira. Eta egun bakar batean, 6000 biztanleko herri batek sortzen duen zabor kopuru adina ekoizten da zerbitzu gunean. Horregatik, zaborra zerbitzu gunean bertan konpostatzen hasi behar zutela erabaki zuten. Egunean, hogei minutu besterik ez diote konpostatze lanei eskaintzen. Zabor organikoa zerrautsarekin nahasten dute, 20 egunetan konposta egiten da eta 100 litrotatik, 20 edo 30 kilo kalitate oneko konposta ateratzen dute.
Atez-ateko zabor bilketa posible dela esan digu Ainhoak, "baina herritar guztien inplikazioa eskatzen du honek. Azken finean, gauza berri guztiak bezala hasieran kosta egiten da, baina zaborren arazoari irtenbide egokiena dela uste dut".•