“Aurrera pauso garrantzitsua izan da guretzat ziurtagiria lortzea”

itziar-carrasco 2008ko abenduaren 31

Ziurtagiriak zer suposatzen dio DYAri?
ISO kalitate ziurtagiri hauek beti enpresekin lotzen dira. Gu gobernuz kanpoko erakundea izanik, hau lortzea aurrera pauso handia izan da. Duela sei urte lehendakari bezala hasi nintzanean, bi erabaki hartu genituen: batetik, urtero auditoria bat egingo genuela eta bestetik, kalitatezko ziurtagiria lortzea. Azkenean, lortu dugu eta pozik gaude.
Ziurtagiriak gauzak ondo egiteko gogoa daukagula erakusten du eta ona da bai bolondresentzako, bai Gipuzkoan gugan konfidantza jarri duten 40.000 familientzako. Euren dirulaguntzari esker gure aurrekontuari aurre egin diezaiokegu. Urtean 500 miloi pezetetako aurrekontu dugu eta bazkideei esker %75a lortzen dugu. Azkenean, beraiek dirua jartzen badute, behintzat ikusi dezatela gu serioak garela.

Boluntarioentzako bultzada izango da.
Jendeak pentsatzen du boluntarioak edozein modutara egiten duela lana. Horregatik, oso garrantzitsua izan da guretzat ziurtagiria ateratzea, jendeari jakinarazteko gu ere badakigula gauzak ondo egiten, nahiz eta soldata bat ez kobratu. Gure helburua ez da soldata bat irabaztea, baizik eta zerbitzu on bat ematea.

Funtzionamendu aldetik aldaketa handiak egin behar izan al dituzue?
Hasieran gure prozesuak ikustera etorri zirenean, ikusi zuten enpresa batekin baino errazago izango zela. Nahiz eta elkarte bat izan, boluntarioen aldetik gogo handia zegoen eta hobetzeko gogoarekin zeudela ikusi zuten. Honekin flipatu egin zuten. Langileak prest ez baldin badaude, ezinezkoa da ateratzea.

DYAko boluntario izateko zein izan behar du perfila?
Boluntarioa gurekin hasten denean, konpromezua hartu behar du, nahiz eta txikia izan. Bakoitzak ikusi behar du zenbat eman dezakeen. Baten bat etorri eta hilean 4 ordu eskaintzeko dituela esaten baldin badu, badirudi gutxi dela, baina bere bizitza pertsonala ezagutzen baduzu asko izan daiteke.

Formazioa derrigorrezkoa al da?
Gurekin hasten direnak ikasteko eta jarraitzeko interesa jartzen dutenean, formazioa guk ematen diegu. Anbulantzian sartu nahi duela, anbulantzian ibili eta sorospen ikastaroa egiten du. Pixkanaka, behin sartuz gero ikastaro pila bat egiteko aukera daude. Azkenean, ulertzen dugu jendeak formazioa behar duela. Pertsonekin lana egiten dugu, beraz formazioa oso garrantzitsua da.

Zer egin dezake boluntario batek DYAn?
Batzuk esan dezakete odola ezin dutela ikusi, baina gizarte zerbitzutan lan pilo bat dago eta gero eta gehiago egongo da. Jende askok behar du gure laguntza, aiton-amonak... Hortik aurrera, zerbitzu prebentiboetan, krosak direla, egun osoko ekitaldiak, futbol partiduak... Horrelakoetan ere lan pilo bat egoten da. Gero talde espezializatuak daude: mendiko taldea, uretako taldeak... Horretan dabilen jendea bai prestaketa eta formazioa bereziagoa behar duela. Horregatik, leku desberdinetara joan gara ikusteko ea nolako egiten dituzten ikastaroak eta konturatu gara dugun esperientziarekin guk erakusteko moduan gaudela. Benetan gogoa baldin baduzu, hamaika gauza daude egiteko, ez zara aspertuko.

Nola hasi zinen DYAn?
1987an Lasarte-Orian hasi nintzen. Taldetxo bat zebilen talde bat sortu nahian eta anbulantzietarako gidariak behar zituztela esan zidaten. Garai hartan, nire amarekin lau hilabetez egon nintzen erresidentzian gauak egiten eta leihoa larrialdietarako sarrerara ematen zuen. Eta han sortu zitzaidan gogoa. Amari esan nion eta animatzeko esan zidan. Eta gero uste dut damutu egin zela, ia semea galdu zuen etxean oso denbora gutxi igarotzen nuen eta. Lanetik DYAra eta DYAtik lanera.

Gipuzkoako 400 bolondres daude DYAn, nola mantentzen da hau?
Askotan pentsatzen dugu boluntarioari eskertu edo mimatu behar zaiola, errore bat da horrela pentsatzea. Azken finean, egiten dugun hori erakargarria egin behar dugu eta beraiek gustura sentitu behar dira. Boluntarioak musu truk egiten du lana proiektua aurrera atera behar delako uste duelako. Duela urte bete boluntarioari harrera zerbitzua jarri dugu martxan. Funtsezkoa da. Sartzen den boluntarioari esan behar zaio non sartzen den, ezagutu bere nahiak, balio duen edo ez esan; gurekin dagoen bitartean jarraipen bat egiten zaio eta joaten denean, gustura joan behar du.

Zerk bultzatzen zaitu boluntario bezala jarraitzera?
Momentu gogorrak daude, baina gogorra ez da gertatzen denean, bukatzen denean ondoren geratzen zaizuna eta buruari bueltak ematen dizkiozunean da. Baina, ez dut uste horrelakoengatik gaudenik honetan, baizik eta eguneroko irria eta eskerrak emate horregatik. Beti baikortasunez pentsatzea gustatzen zait. Norbait lurrera erori eta altxatzen laguntzen duzunean, bueltan eskaintzen dizun irria horrekin nahikoa duzu jarraitzeko.•