Txintxarri
Santa Ageda bezperan, otsailaren 4ean, koplak atez ate abesten ateratzea Euskal Herriko ohitura zaharra da. Kontatzen dutenez, soldaduzkara joan behar zuten gazteek Santa Agedaren sufrimendua eta heriotza jasotzen duten koplak, etxez etxe abesten joaten ziren. Egun, berriz, adin guztietako jendez osatutako taldeek mantentzen dute ohitura hori Euskal Herri osoan, ikastetxeak, abesbatzak edo talde sozio-kulturalak, esate baterako.
Lasarte-Orian, zehazki, Santa Ageda bezperan, astelehenean, Erketz Dantza Taldeko kideak, Ttakun eta bertso eskolakoak, Amalur Trikitixa-Pandero eskolakoak eta Zabaleta Auzokoak aritu ziren kopla kantuan eta makilak astintzen.
Erketzekoak eta Zabaletakoak baserriz-baserri egin zuten jira; Amalur, Ttakun eta bertso-eskolakoak berriz, kalean aritu ziren.
Telebista testigu
Aurten EITBko Hitzetik-Hortzera programako kameren bisita izan zuen Ttakun eta bertso-eskolako kideez osatutako taldeak. Igandean eskainiko duten programan, herriko bertsolariak azalduko dira koplatan.
Santa Ageda
Ez dakiguna da, nola Ageda Cataniakoa (Sizilia) izanik, Euskal Herrian bere oroimenez abesten diren koplak hain errotuak egotea.
Tradizioak dioenez eta kopletan jasotzen denez, Ageda Siziliako famili aberats bateko neska ederra omen zen -III.mendean- eta txikitatik Jesukristonganako zuen sinesmena oso handia zen. Garai hartan, Decio enperadoreak kristauen kontra egindako jazarpena aprobetxatuz, Quintianus senataria neska konkistatzen saiatu zen.
Baina, honek senatariari ezetza eman zion behin eta berriz. Orduan, Quintianusek neskaren bularra aihotz batez moztu ziezaioten agindu zuen, hala ere, neskak ezezkoa eman zion. Azkenean siziliarra, hogeita bat urterekin sutan erre zuten.