Gazte Klubeko gaztetxoen bisita izan zuen TXINTXARRIko erredakzioak

Txintxarri 2008ko abenduaren 31

Gazte Klubeko gaztetxoek bederatzi eta hamabi urte bitarte dituzte eta Amaraun ludoteka dute bilgune ostiralero 17:30etik 19:30era. Bertan hogeita hamar lagun inguru batzen dira astero, nahiz eta izena emanda gehiago izan, berrogeita hamabost bazkide inguru dira.
Ekintza ugari egin dituzte ikasturte hasieratik, eta ostiralean TXINTXARRIko erredakziora etorri ziren aldizkaria nola egiten den jakitera eta ikustera. Txintxo-txintxo egin zituzten aurrez prestatutako galderak eta erantzunak arretaz entzun.
Herrian gertatzen diren gauzak nola jakiten ditugun eta ea zergatik ez dugun prentsa arrosaren atalik izan ziren jakinmin gehien sortu zieten galderak. Aldizkaria noiz sortu zen eta zergatik ere galdetu ziguten; beraiek baino zaharragoa dela jakitean, harritu ziren batzuk. Ondoren, arreta handiz ikusi zituzten ordenagailuko pantailan zenbaki honetarako prestatutako orriak eta argazkiak.

Hemendik aurrera
Datorren astean bikoizketak egingo dituzte, hilaren 29an "Mamu herri" izeneko pelikularen estreinaldi mundialarekin batera ikusi eta entzuteko. Filmearen grabazioan oso ongi pasa zutela badakigu, eta Ezetz asmatu telebistako programa ere "kopiatu" eta grabatu egingo dute. Masaje tailerra, batukada eta kapoeira ere egingo dute ikasturte amaiera bitartean. Baina zirarragarriena beraientzako seguruenik, aste santutan Azkizura egingo duten irteera izango da. Ongi pasa dezazuela eta nahi duzuenerako, hemen gaude!•