Greba orokorrak jarraipen handia izan zuen Lasarte-Orian

Txintxarri 2008ko abenduaren 31

Herriko merkatari eta langile gehienek bat egin zuten ezker abertzaleak atzorako deitu zuen greba orokorrarekin.
Eguerdiko 12:00etan ehun bat pertsona bildu zen San Pedro elizaren aurrean Salbuespen egoerari stop esateko, “Euskal Herriaren hitza eta Lurraldetasuna ukatu nahi dute, aldaketa politikoa ahalbideratu dezakeen jendarte sektorearekin bukatu nahian dabil. Salbuespen egoera honi STOP! esateko ordua dela deritzogu”.
Ordu erdiko kontzentrazioa eta eusko gudariak abestu ondoren, goizeko balorazioa egin zuen Ezker Abertzaleak, “Lasarte-Oriako industriaren %90ak bat egin du grebarekin; komertzio askok goizeko lehenengo orduan irekita zeuden arren, goizean zehar ixten joan dira eta %99ak itxi egin du; ikastetxeei dagokienez, institutuak greba egin du eta ikastolan %85ak greba egitea erabaki dute”.

Manifestazioa
Arratsaldean, igarrita zegoen bezala, 19:30etan manifestazioa egin zen.
Ehun eta hogeita hamar bat pertsona EAJren egoitza aurreko Sagardotegi kalean bildu eta PSOEren egoitzen arteko bidea egin zuten, salbuespen egoeraren aurkako eta independentziaren aldeko oihuen artean.

Hauteskundeak
Ezker Abertzaleak greba egunean aditzera eman zuen hauteskundeetan presente egongo direla, "martxoaren 9an hauteskundeak izango dira eta Euskal Herriak independentziarako duen grina azaltzeko aukera izango du. Beraz, nola hala hauteskundeetan egongo gara".•