Xin nian kuai le

itziar-carrasco 2008ko abe. 31a, 01:00

Xin nian kuai le, urteberrion opa digute Lasarte-Oriako jatetxe txinatarreko familiak. Ilargi egutegiaren arabera 4706. urteari eman diote ongi etorria, arratoiaren urteari, alegia. Telebistaz ikusi ahal izan dugu txinatarren tradizioz beteriko festa nola ospatzen duten: txotxongilo antzezlanak, operak, arte martzialak, dantza herrikoiak, kolore anitz, su artifizialak, janari tipikoak... Baina, nola ospatu dute Lasarte-Orian dauden txinatarrek? Jatetxe txinatarreko Weiyong Zhanekin hitz egin dugu beraiek nola ospatzen duten jakiteko.

Bi mila miloi asiar baino gehiagok ospatu zuten otsailaren 7an ilargiaren urte berria, hau da, munduko biztanleriaren herenak eman zion urteberriari ongi etorria. Festa hau ez da Txinan ospatzen soilik, baizik eta bost kontinenteetan zabaldurik dauden txinatar komunitateetan ere.
Irakurleren bat gertutik ezagutuko du festa hau, baina komunikabideetako albiste eta erreportaien bitartez ezagutzen dugunok festa koloretsua eta algaratsua dugu buruan. Baina, gainetik aztertzen badugu, gure festa eta txinatarrena ez da hainbeste aldentzen. Weiyongek kontatu digunez, urte zahar gauean jatetxean ospatu zuten, 30 baino gehiago bildu baitziren. “Zumaia, Billabona eta Donostian ditugun senide guztiak bildu ginen hemen, etxean hainbestentzako afaria prestatzea zoramena da eta”. Afaltzen bapo jarri ziren: mariskoa, arroza-hirinaz egindako pasteltxoak haragiz eta barazkiz beteak, rabioliak... Momentuz, ez da asko aldatu istorioa, gu ere senideekin batera bapo jartzeko ohitura baitugu.
Ohiturei dagokienez, Txinan gotorlekuetara joaten dira Budari urte on bat eskatzera eta errezatzera. Eta urteberria hasteko arropa berriak jartzen dituzte eta kolore gorria leku guztietan ikus daiteke.
Urtezaharraren aurreko egunetan Txinan bertan exodo bat ematen da, hau da, miloika txinatar euren etxeetara bueltatzen dira festak familiarekin igarotzeko. Hau dela eta, aireportu, tren eta autobus geltokiak kolapsatu egiten dira. Baina aurten elurteak geldiarazi du mugimendu hau. Aurten inoiz elurra ikusi ez duten lekuetan bota du elurra.

Kondaira txinatarra
Nork ez du begiratu edo galdetu zein animali egokitzen zaion, egutegi txinatarraren arabera? Baina, ba al dakigu nondik datorren eta zergatik?
Kristo Aurreko 2600. urtean Huang Ti enperadoreak zodiakoko lehen zikloa aurkeztu zuenean du jatorria txinatarren urte berria. Eta kondairak dioenez, Buda lurretik joan aurretik, animali guztiei bera ikustera joateko deialdia luzatu zien, baina hamabik bakarrik joan ziren hau agurtzera. Sari moduan, urte bakoitzari han aurkeztu ziren animalien izenak jarri zizkion, iritsi ziren ordenan.
Txinatarrek uste dute jaiotze urtea gobernatzen duen animaliak bakoitzaren izaeran eragina duela.
Azken finean, txinatarrak eta euskaldunak ez gara hain desberdinak, edo?•