Aste honetako astearte eta asteazkenean, otsailaren 12 eta 13an arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara S.Pedro eta Arantzazuko amaren eliz aurrean Misiotako pastoraltzako kideak botikak jasotzen aritu dira. Botika horiek Argentinara bidaltzeko asmoarekin jaso dituzte.
Hori bai botikak jasotzerako orduan ez dute edozein botika jaso, baizik eta denbora luzerako iraupena dutenak. Izan ere botika hauek orain jaso arren ez dakite noiz atera ahal izango diren bere helmugara iristeko eta horregatik hobe da iraungitze data luzerakoa izatea.
Pastoraltzako kideek esan digutenez bi egunetan zehar jende asko gerturatu da beraiek etxean soberan dituzten botikak uzteko. Beraz jendearen erantzuna ona izan da eta kontentu gelditu dira.
Askotan botikak hartu ondoren gero etxean gordetzen ditugu eta hor egoten dira alperrik, Misiotako Pastoraltzako kide hauek egiten duten lanari esker benetan behar handia duten pertsonek botika horiek izan ditzakete. Izan ere gu bezain egoera onean ez dauden pertsonentzat horrelako botikak lortzea askotan ezinezkoa izaten da eta kanpaina hauek jendea sentsibilizatzeaz gain ezintasun hori samurtzen dute.