Sahara, beti itxaroten ari den herria

itziar-carrasco 2008ko abenduaren 31

Euskal Herrian Sahara Herriaren Lagunak Elkarteak 300 tona jana eta konpresak jaso ditu urtarrilean burutu duten janari bilketa kanpainan. Lasarte-Orian 3.500 kilo jaso dira, aurreko urteetan baino gutxiago. Larunbatean, janari karabana Bilbotik Tinduferuntz habiatu zen.

Urtarrilan zehar Lasarte-Oriako Sahara Herriaren Lagunak 3.500 kilo jana eta konpresak jaso ditu. Elikagai solidarioak (azukrea, arroza, lentejak, atun latak eta konpresak) herriko dendetan eta ikastetxeetan jaso dituzte, baina iaz baino 1.500 kilo gutxiago jasotzea lortu dutela adierazi dute elkarteko kideek. “Eskertu behar dugu ikastetxeetan eta dendetan bilketa guneak jartzen uzteagatik eta eskaini diguten laguntzarengatik. Bainan aurten ez dugu behar haina jaso. Dendariekin hitz egin dugu eta bi arrazoi eman dizkigute: batetik, jendeak Gobernuz Kanpoko Erakundeetan gero eta konfidantza gutxiagoa duela entzuten ari diren gauzekin (Arca de Zoe, Intervida, Somoto...) eta bestetik, urtarrileko aldapa. Baina uste dugu arazoa gaiarekiko sentsibilizazio eza dela”.

Ezinbesteko laguntza
Janari hau Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetara iritsiko da eta hemendik gainontzekoetara banatuko da. Elkarte honen helburu nagusia jasotako elikagaiak saharauiarrei iritsiaraztea da, aspalditik jasaten ari diren egoerari aurre egin ahal izateko.
“Gure laguntza ezinbestekoa da, arazoak, gaixotasunak areagotzen ari direlako. Hala eta guztiz ere, hemendik bidaltzen duguna partxe bat besterik ez da. Laguntza internazioanala gero eta murritzagoa da. Duela bi urte %43 murriztu zuten, Frantziaren presioarengatik, baina errealitatean murrizketa handiagoa da.
Ilargi Erdi Gorria Saharauiarrak ondorengo datuak helarazi ditu: “5 urtetik beherako umeen %68ak anemia du, eta %39ak baino gehiagok desnutrizioa jasaten ari da; haurdun dauden emakumeen %76ak eta ama izateko adinean daudenen %66ak anemia dute”. Honen harira, PAMari, Elikadura Mundialerako Programari, “bere hitza ez duela bete” leporatu dio, izan ere “laguntza internazionala ez baitute ondo kudeatu”.
Sahara Herriaren Lagunen ustez, “nazioarteko laguntza ezinbestekoa den arren, bidaltzen ditugun karabana hauek oso garrantzitsuak dira, Nazio Batuen laguntza itxoiten badute, egun gorri daukate. Gure laguntza agian bi egunetarako besterik ez dute, baina hau gabe bi egun horietan ez lukete ezer ahora eramateko”.

Oporrak bakean
Lasarte-Oriako Sahara Herriaren Lagunak Aste Santua ondoren oporrak bakean ekimena martxan jarriko dute. Aurten 10 harrera familia beharko dira uda igarotzera etorriko diren haur saharauiarrak jasotzeko.•