Ostiralean hogei eta hamar bat mamu gazteek bete zuten Jalgiko Kafe antzokia, izan ere, Gazte Klubeko haurrek egindako Mamu herri beldurrezko filmaren estreinaldi mundiala izan baitzen. Baina mamuez gain, hainbat guraso eta lagun ere hurbildu ziren pelikula ikustera.
Istorioa
19 minututako film labur honetan Lasarte-Orian 1300 urtean jazotako gertakariaren berri ematen digute.
Orduan, gure herria nekazal herria zen. Marinel bat agertu eta izurrite beltza ekarri zuen. Ondorioz, herritar guztiak hil egin ziren.
700 urte beranduago, turista talde batek herriari bisita egin eta bizitzeko etxe aproposa aurkitzen dute. Baina taldeko hiru kide desagertzen dira eta bat batean aiton zahar bat agertu eta herriko istorioa kontatzeaz gain, mamuak mendeku eske daudenaren berri ematen die. Ihes egiten saiatzen dira, baina alferrikakoa da, pixkanaka denak mamu bihurtzen baitituzte.
Oroigarri banaketa
Pelikulak harrera ona izan zuen eta, bukaeran, txalo zaparrada handia eskaini zioten. Honen ostean, begiraleek, Taxio eta Lorenak oroigarriak banatu zizkieten haurrei.•