Atleta Beteranoen Munduko Txapelketa Clermont-Ferranden

Txintxarri 2008ko abe. 31a, 01:00

Larunbatean ospatu zen atleta beteranoen munduko txapelketa Clermont- Ferrand-en, Frantziako erdialdean dagoen hirian. Santos Uribe Lasarteoriatarrak martxa modalitatean hartu zuen parte beste euskal herritar batzuen artean eta zazpigarren postua eman zion 01:05:11ko markak. "Oso, oso pozik" dagoela emaitzarekin aitortu du eta irribartsu bueltatu da etxera.

Lasterketa ostiralean ospatzekoa zen baina haizearen erruz bertan behera utzi behar izan zen. Martxa modalitatean aritzeko hartu beharreko postura berezia da, korrikalariak lurrarekin kontaktu etengabean egon behar duelako eta haize gogorrak gorputz-jarrera hori asko zailtzen du. Beraz, hurrengo egunean ospatzea erabaki zuten antolatzaileek. Goizeko 8 t´erdietan hasi zen lasterketa, Santosen esanetan ordurik aproposenean haiek goizez entrenatzen dute eta goizez aritzeko ohitura dutelako.

Normalean mundu mailako txapelketak toki itxi eta babestuetan izaten dira baina hamar kilometroko lasterketa izanda kalean ospatu zen. Lasterketa bi gradu inguruko tenperaturarekin egin zuten eta azkeneko kilometroan elurrarekin egin zuten topo. Clermonteko klima berezia da neguan egiten duen hotzagatik eta udako tenperatura altuengatik.

Kategoriak adinaren arabera antolatzen dira bost urteko tartearekin. Santosek 70 eta 75 urte bitartekoen artean egin zuen korrika. Hogeita hamar parte-hatrzaileren artean Lasarteoriatarrak zazpigarren postua eskuratu zuen. Lehenengo postua alemaniar batek lortu zuen 00:57:52ko markarekin. Aipatu beharra dago lehenengo postuetan gelditu direnak kategoriara iritsi berriak direla, hau da, kategoria osatzen dutenen arteko gazteenak direla.