Euskal Kros arrakastatsua Eneko Castroren oroimenez

Txintxarri 2008ko abenduaren 31

Giro bikainean, partaidetza zabalarekin eta ezusterik gabe burutu zen atzo, Eneko Castro atletaren omenez, Euskal Krosa. Urtero proba antolatzen duen Landaberri ikastolako Guraso Elkarteko ordezkariak oso pozik ziren beraz, parte hartu zuten ehundaka haurren artean opari-banaketa egin eta gero.
300 haur baino gehiagok hartu zuten parte proban. Kirol arropak jantzi eta Atsobakar parke ingurura hurbildu ziren, bakoitza bere mailakoarekin lasterka aritzeko. Guztiek jaso zuten domina eta botatako izerdiari aurre egiteko ur botila bana. Gurasoen txaloen artean lasterketa bikainak izan ziren aita-amek bideo eta argazki kamaretan jaso zituztenak. Horietatik ere asko izan zen atzo.
Azkenean parte hartzaile guztien artean kirol eta euskararekin lotutako opariak banatu ziren zozketa bidez. Haurren artean lehiakortasuna baino, parte hartzea eta gozatzea bultzatu nahi dituzte antolatzaileek. Horregatik sariak opari izaten dira eta zozketaz banatu.
Sari-opari banaketan izan ziren Eneko Castroren gurasoak Landaberri ikastolako antolatzaileekin batera. Lasarteko atletaren oroimenez antolatzen du urtero ikastolako Guraso Elkarteak eta aurtengoa, 11.a, ikusgarria izan da. Askoz gehiago eskatzerik ez zen, eguraldiak lagunduta haur eta guraso ugari hurbildu bait ziren atzo goizean Atso-bakar parke ingurura.
Bataz beste 700 metro inguruko ibilbidea osatu zuten, maila bakoitzean zegokion erritmoan. Horretan lan bikaina egin zuten Joxan Unsain soinketa irakasleak eta Amaia Andres atletismoko monitoreak. Bi hauek ia maratoi erdia egin zuten, kilometro batzuk behintzat bai, guztira 12 lasterketa izan baitziren. Unsain-ek jakinarazi zigunez helburua denek lasterketa amaitzea da, inor ito gabe, beraz lehen metroetan eurek jarri zuten erritmoa, denentzako moduko proba izan dadin. “Korrika egiteko motibatu nahi dira haurrak, gozatu egin behar dute lehiatu baino gehiago”. Antolatzaileen ustez helburu horiek ondo bete ziren. Ez zuen inork minik hartu, denek amaitu zuten proba, domina bana jaso zuten eta batzuek, suerte handiena izan zutenek kirola eta euskararekin lotutako opariak eraman zituzten etxera.
Hamabi korrikaldi izan ziren: lehen lau mailetakoak, bakoitza bere urtekoekin mutil eta neskak bereizita aritu ziren, zortzi lasterketa beraz; 5. eta 6. mailakoak elkarrekin egin zutenez beste bi, eta azkenik DBHkoen lasterketa, hauetan ez zen mutil-neska banaketarik. Azkenean, benetako lasterketa herrikoia izan zen hamabigarrena, guztiek batera eman bait zuten itzuli bat. Haur eta guraso, denak korrika, ikusgarria izan zen.•