Lasarte-Oria eta Usurbil berrindustrializatzeko Aholkularitza Kontseilua eratu da

itziar-carrasco 2008ko abenduaren 31

Michelin multinazionalak bere Fundazioaren bitartez, 4 miloi euro emango ditu pizgarrietan, Lasarte-Orian eta Usurbilen enpresa-proiektu berriak ezartzeko. Zonaldea berreindustrializatzeko lehenengo urratsa eman dute, izan ere Lasarte-Oria eta Usurbil Berrindustrializatzeko Aholkularitza Kontseilua eratu baita. Bertan, Eusko Jaurlaritzako Industria Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia, Lasarte-Oria eta Usurbilgo Udalak, Comisiones Obreras (CC.OO.) eta Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB) sindikatuak, bai eta MOA-BPI Group enpresa eta Michelin Desarrollo Fundazioa ere ordezkatuta daude.

Enpresa frantsesak 2008. urte bukaeran automobiletarako gurpilak egiteari utziko ziola iragarri zuen irailean. Europako beste ekoizpen lekuetan kotxeetako gurpilak jarraituko dute egiten, Lasarte-Oriako fabrikan motoentzako gama altuko gurpilak soilik egiten diren bitartean. Michelinek jakinarazi zuenez, berregituraketak 50 miloi euro kostako zaizkio enpresari. Hau dela eta, Michelingo 1200 langileetatik 500 baino gehiagok lana utzi beharko dute, kontutan hartu gabe azpikontratatutako enpresetako langileak .
Enpresaren berregituraketak eta langile kopuruaren murrizketak ziurgabetasuna eta egonezina sortarazi du sindikatuengan, langileengan eta herritarrengan orokorrean, aldaketa honek eskualdeko egoera ekonomikoan eta sozialean eragina zuzena eta bortitza izango baitu.
Horrelako egoeratan, Michelin España Portugal, S.A. (MEPSA) enpresaren menpekoa den Michelin Desarrollo Fundazioa hasten da lanean, multinazionalaren fabrikaren batean tailerrak itxi edo desestrukturazioa ematen denean, ekimenen bat martxan jartzen du, lanpostuak galdu diren eremu horretan lanpostu berriak sustatzeko. Beraien hitzetan: "pneumatiko fabrikatzaile honek industriaren bat duen eremuetako garapen ekonomikoan modu aktiboan parte-hartzea da bere helburua, eragile ekonomiko eta sozialekin elkarlanean lana sortu eta enplegua sustatuz, betiere".
Ana Urchueguia alkatesak azaldu digu ekimen honen nondik norakoak eta azpimarratu nahi izan du, ekimen honetatik sortuko diren lanpostu berriek "ez dituzte Michelingo lanpostuek duten baldintza berdinak izango".

Baldintza erakargarriak
Michelin Desarrollo Fundazioak MOA-Groupe BPI aholkularitza taldea kontratatzen du enpresa posibleen kaptazioa egiteko. Baina, beti ere, Aholkularitza Kontseiluak izango du azken hitza.
Ekimen honetan parte hartu nahi duten enpresek erraztasunak izango dituzte euren lantegia inguru honetan ezartzeko. Baina, irizpide batzuk bete beharko dituzte. Datorren enpresari egonkortasuna eskatuko zaio. Hau da, "enpresak biabilitate plan bat eduki behar du etorkizuna izan dezan, gutxienez hiru urteko egonkortasun planteamenduarekin", dio alkatesak. Gainera, sortutako lanpostu bakoitzeko bataz beste, 10.000 eurotako dirulaguntza jasoko du enpresariak. Fundazioak bost urtetarako 180.000 eurotako kreditu bigunak eskainiko ditu, gehienez %2ko interesarekin. "Enpresa txikientzako berme garrantzitsua da hau. Gainera, enpresa hauek izaten duten beste arazoetako bat abalak izaten dira eta kasu honetan ez zaie eskatuko".

Aholkularitza Kontseilua
Aholkularitza Kontseiluak izaera aholku-emailea izango du MOA-Groupe BPIk helarazi duenez: "Michelin Desarrollo Fundazioaren ekimenak aholkatu eta sustatzea izango du helburu, inbertsiogileak erakartzeko esparru egokia sortuz. Bere egitekoen artean, aipatzekok dira, besteak beste, Berrindustrializazio Planaren zuzendaritza eta gainbegiraketan duen parte-hartze aktiboa, aurkeztu diren inbertsio-proiektuak ebaluatzea edota proiektu horiei jarraipena egitea".
Honen harira, "Michelin Desarrollo Fundazioak badaki garapen ekonomikoaren eta enpleguaren alorrean herri administrazio desberdinek eta gizarte eragileek burutzen duten lana. Horregatik, nahitaezkoa da Kontseilua osatzen duten instituzio horiek Lasarte-Orian eta Usurbilen abian jarriko den prozesu garrantzitsu horretan parte hartzea".

500 lanpostu berri
Michelin Desarrollo Fundazioak, bere jarduera-esparruaren baitan, berrindustrializazio-plana jarri du martxan Lasarte-Orian eta Usurbilen; horretarako, enplegua sortzeko ahalmena duten industria-proiektu berriak detektatu eta erakarri ditu. Plan horrek 500 lanpostu sortuko dituela aurreikusi dute.
Hori horrela, 4 milioi eurotako fondo ekonomikoa hornitu da, inguru horretako enpresa-proiektu berriak diruz laguntzeko. Era berean, MOA-BPI Group enpresaren zerbitzuak kontratatu ditu. Industrien berregituratze eta birmoldatze prozesuetan aditua da enpresa hori, eta bera arduratuko da inbertsio-proiektuak antzeman eta aurrez hautatzeaz. Baina Kontseilu Aholkularitzaren esku dago enpresa hauen aukeraketa. MOA-BPI Group taldeak ez du bozkatzeko aukerarik.
Duela lau urte Aranda de Dueron, Burgosen, gauza bera bizi izan zuten. Multinazional frantsesak bertan duen fabrikan hagun metalikoak egiteari uztea erabaki zuen. Erabaki honek 450 langileengan izan zuen eragina. Batzuk lehenago jubilatu ziren, besteak lekualdaketa jason zuten... eta Michelin Desarrollo Fundazioak Arandako inguruan 450 lanpostu berri sortuko zituela eman zuen hitza. Horretarako, Fundazioak 4 miloi euro inbertitu zituen Arandako inguruan enpresa berrien ezarketa sustatzeko. Egun bost enpresa ezarri dira eta 542 lanpostu sortu dira.
"Arandan aurreikusitako lanpostu berriak sortzea lortu zuten. Hemen ere 500 bat inguru sortzea espero dugu. Aholkularitza Kontseilua eratu dugu, beraz esan dezakegu puzzlea eginda dagoela lanean hasteko".•