Herriko gazteak plenoan

Txintxarri 2008ko abenduaren 31

Gazteentzako plenoa ospatu zuten atzo goizean udaletxean. Institutuko lehenengo batxilergoko ikasleek haien kezkak azaldu zituzten Ana Urchueguia alkatea eta gazteria festak eta kiroletako zinegotzia den Jesus Zaballosen aurrean. Hamasei gaztek aurkeztu zuten taldean egindako lana eta hizlari bakoitza Esther Urrutiak aurkeztu zuen, institutuko irakasleak. Asko izan ziren mahai gainean jarritako gaiak, batez ere hirugarren munduan jasaten den egoera salatu zuten, pobrezia, gudak, haur soldaduak eta heriotza zigorra besteak beste. Janari, arropa eta sendagaien bilketa proposatu zituzten irtenbide moduan eta baita hitzaldiak herrialde horietan jendeak dituen eskubideak ezagutu ditzan.
Gertuago dituzten gaietaz ere aritu ziren, erraustegia adibidez ez zuten ahaztu eta garapena bai baina jasangarria aldarrikatu zuten, AHTa ere salatu zuten dauden arazoak ez dituela horrek konponduko argudiatuz. Genero indarkeriaz, xenofobiaz eta homofobiaz aritu ziren eta orokorrean gaien inguruko informazio zabalagoa eskatu zuten guztiontzat. Gazteen haurdunaldietaz ere egin zuten hitz eta sexologia kontsulta bat sortzea eta antisorgailuen merkatzea proposatu zituzten neurri moduan.
Bukatutakoan, alkateak, gai guztiei erantzuna ematen saiatu zen eta paperean egindako lana hitz soiletan ez geratzeko ekintzetara eramatera animatu zituen gazteak. Proposamen moduan gabeziak dituen institutu batekin senidetzea aipatu zien eta horrela behar ez dituzten liburuak eta bestelakoak behar dituztenei eman.•