Jon Altuna
Ia hiru mila lasarteoriatarrek daukate lurralde-bus autobus zerbitzuetan erabiltzeko txartel bakarra deiturikoa. "Bono" txartel hau erabilita joan etorria ehuneko 40 merkeagoa da. Martxoaren 31 bitartean 2.994 txartel tramitatu ziren Lasarte Oriako liburu-denda eta estankoetan Foru Aldundiko Garraio eta Errepideen Departamentuaren datuen arabera. Gipuzkoan orotara martxoaren 31ra bitartean 51.015 txartel banatu dira.
Txartela izanez gero, lehen bidaia jada ehuneko 40 merkeagoa da. Txartelik gabe, joan-etorri motzenak (tarifa merkeena), 1.25 euro ordaintzen dira, txartelarekin lehen 10 bidaiak 1.15 ordaintzen ziren sistema aldatu arte, eta orain 66 xentimo ordainduko dira, ehuneko 40 beherapena. 41. bidaiatik aurrera ehuneko 70eko beherapena jasoko da eta 71.etik aurrera ehuneko 90eko beherapena. Hilabete hasieran berriro kontaketa zerotik abiatuko da eta ehuneko 40ko beherapena aplikatuko da.
Otsailaren 1ean jarri ziren indarrean tarifa hauek. Lehenago, iazko udazkenetik gutxienez hamar joan etorri egin behar ziren beherapenez baliatzeko. Beherapenarekin batera erosotasunean ere irabazten da, ez baitago gidariari ordaintzen ibili beharrik: Txartela, gidariaren atzeko aldean dagoen aparatu irakurlearen ondotik pasa eta automatikoki irakurtzen du. Ateratzerakoan ere berriz pasa beharko da beste irakurle baten ondotik.
Lasarten, Marbe estankoan, Maite eta Zumaburu liburu dendetan, eta Sasoetako Carretero zein Bagri liburu dendetan eskatu daiteke txartel bakarra. Horretarako nortasun agiriaren kopìa eta argazki bat (txikia) eraman behar dira, lurralde-busen orri bat norberaren datuekin bete eta eskaera egiterakoan 4 euro ordainduko dira. 18 urtetik beherakoek tutorearen agiriaren kopia eman beharko dute. Gero, aipatutako dendatan kargatu daitezke txartelak gutxienez 5 eta gehienez 300 eurorekin. Kantitate handiak kargatzeak arrisku bat badu, txartela galduz gero, diru hori galdu egingo da eta.
Gipuzkoako autobusetan
Maite liburudendako langileek kontatu digutenez ehundaka egin dituzte, "kolpe handiena iazko ekainean izan zen, hasieran, baina etenik gabe egin ditugu". Txartela bost urtetarako da, nork berea erabiliko du, hau da ezin zaio beste norbaiti utzi edo beste norbaitena erabili. 943 000 117 telefono zenbakian ematen dira argibide gehiago.
Momentuz, lurraldebus-eko autobusetan da erabilgarria, Gipuzkoan herrien artean dauden zerbitzu guztietan, baina euskotreneko autobusetan ere. Pesa enpresak Donostia eta Bilbo artean dauzkan zerbitzuetan eta Deba-Garaiatik Gasteizera dituenetan ere erabili daiteke txartel bakarra.
Dena den, Foru Aldundiko garraio departamentuko iturrien arabera, beste zerbitzu batzuetara zabaltzeko asmoa aztertzen ari dira, horrela hiri eta hiriburu barneko garraioa zein Renfe eta Euskotren-en zerbitzuak ere sartu nahi dituzte egitasmoan. Egun Gipuzkoako Garraio Zuzendaritzak dituen aurreikuspenak betetzen baldin badira 2009ko abendurako zabaldu daiteke beherapena trenen eta hiriko autobus garraioaren erabiltzaileak baliatu daitezen.
Garraio Publikoa
Neurri hauekin Gipuzkoako Foru Aldundiak dio pausu handia ematen ari direla Garraio Publikoa bultzatzeko. Gainera, Gipuzkoako mugikortasuna ezagutu eta neurtzeko tresna baliagarria izango da, gero bildutako datuen arabera garraio publikoa antolatzeko.
Elkartzen Eskubide sozialen aldeko taldeak, ondo ikusten du autobus txartela merkatzea, neurri positiboa da bere ustez, baina publikoki salatu duenez, ez dira jendarteko desberdintasun sozialak kontuan izan eta oraindik egiteko asko dago. Oro har salneurriak igo egin dira eta autobus txartela ere ez da libratu, gutxienez 30 xentimo garestitu da lau urtetan. Elkartzen-eko ordezkarien ustez, diru-sarrera baxuak dituztenek gutxiago ordaindu beharko lukete, beherapen handiagoa izan beharko lukete, alegia. Elkartzen-ek garraio publikoa merkatzeko kanpaina bat burutu zuen eta milaka sinadura bildu zituen orain gauzatu den beherapen txartela eskatuz.
Astigarraga/Usurbil
Bestalde, Astigarraga eta Usurbil arteko autobus zerbitzu berria sortzeko Foru Aldundiak 2008rako aurrekontuetan 500.000 euroko diru-kopurua onartua du, baina Aldundiko iturriek ez dute aurreratu nola gauzatuko den. Ezker Batua taldeko foru ordezkariek ofizialki galdera luzatu zion Gobernuari aurreko astean egitasmo horri buruz eta erantzunaren zain dira. •