Hurbildutako ikusleak, ezustean bidaiari bihurtu ziren. Hegaldi politta izan zuten. Barrenak ederki Astindu zituzten denen artean

Txintxarri 2008ko abenduaren 31

Ekitaldi ederraz gozatu ahal izan genuen larunbatean Manuel Lekuona Kultur etxean. Bidaia zoragarri bat bihurtu zen hasieran eragozpenak eta trabak izango zirela bazirudien ere. "LasAIRte" aire konpainiak proposatu zigun plazerezko bidaia.


Geldi gune bakoitzean gozatu genuen. Geldi gune bakoitzean izan zen zerekin disfrutatu. Nahiz eta, oinezko partea luze xamar joan, merezi zuen helmugan aurkitu genuenak.
Bidaikideak ezagutzeko parada izan genuen eta bidaia guztietan petralen bat izaten bada ere, oraingoan ez genuen horrelakorik aurkitu. Bidaikide guztiak ziren jator- jatorrak eta elkarri laguntzeko prest zeudenak izan ere motibazio berak eraman bai gintuen bidaia hau aukeratzera.
Komandanteek demostratu zuten oso gidari onak zirela, hegaldi ordu asko, eta esperientzia nabaria zen. Horrela ba, oso eroso bidaiatu genuen. Batere gora beherarik gabe. Azafatak berriz zer esanik ez. Atseginak, guapak, momenturo zerbait behar ote genuen galdezka, azalpenak eta animuak eman zizkiguten.
Konpainia honek aurrera egingo du, horrela lanean jarraitzen badu.

Geldi aldi bakoitza izan zen ederra. Adibidez, hitzaldi aretokoan, asko gozatu genuen aspaldiko irudiekin. Urteak ez direla alferrik pasatzen, Patxi Etxeberriak hala ere, zimur bat edo beste gehiago dauka gaur egun, baina ilea behintzat ia-ia orain hogei eta bost urte bezalaxe dauka. Hori jende gutxik esan dezake e, Patxi!
Gaiak berriz aspaldikoak izanik, gaurkotasunik batere galdu gabeak. Batez ere antxoaren preziorena eta bestea berriz bihotza eta buruaren arteko borroka. Klasiko bat.
Patxik eta Anek oso ondo hartzen dute elkar eta bertso politak entzun genituen.
Hurrengo geldialdia, erakustokikoa, oso hunkigarria izan zen. Piano doinu goxo batek lagundurik, Lizardiren bertso batzuk eta Bertold Brechten poesia ezaguna entzun genituen. Zorionak Amaia Dorronsoro eta Aitor Tejedorri bikain aritu baitziren. Zer esanik ez Andoni Egañak gaiari lotuta bota zituenak.
Ondoren turbulentzia batzuk pasa genituen. Horrelakoetan gertatzen den bezala, bildura pixka bat pasa genuen, beno beldurra baino gehiago, sustoa izan zen, zalaparta ederra atera zuten batukada taldekoek kafetegian. Hantxe belarriak tente jarri arazi zizkiguten eta martxa ederra sartu zitzaigun gorputzean. Zigor eta Maialen ederki aritu ziren Muñoaren esanetara. Eta Handik Harrerara gidatu gintuzten. Han Xabi Paiak, segidilaren doinua erabiliz, nahiko barre algarak sortu arazi zituen.
Eta bidaiaren bukaera antzokian. Oso adeitsuki agurtu gintuen tripulazio osoak eta hurrengo bidaiara arte esanda, joan ziren.
Ibilaldiaren ondoren gustura hartu genuen eserlekua. Eta nolako emozioa sentitu genuen, argi guztiak itzali, eta adarraren soinuak isiltasuna hautsi zuenean. Txalapartaren ttakuna, eta txintxarrien hots biziak eman zioten areto nagusiko saioari hasiera.
Ederra ikuskizuna Erketz dantza taldeko eta Landaberri dantza garaikideko partaideek prestatu zutena. Bai jauna, folklorea eta gaurkotasuna bat eginik irudi politak markatu zituzten.
Ondoren denoi ezaguna egin zitzaigun eskaratzeko bilera bat ikusi ahal izan genuen. Pertsonai eta gai gehienak gurean ez badira oso gertuko eskatzean gertatutakoak izan ziren. Bapo, Landaberri antzerki eskolako helduen taldea.
Ondoren bertsolariak oholtza gainean eseri eta Unai Muñoaren aginduetara ipini ziren.
Bertsolari batzuk eskarmentu handikoak ziren, beste pare bat berriz, nahiko gazte eta hasi berriak direla esan daiteke; bi neskak. Unai Muñoak atzeko beste laukotea ez ote zen "karka" xamarra galdetu zien, eta bi neskek errepaso ederra eman zieten gizonei.
Beste saio politta Patxik eta Maddalenek egin zuten. Maddalen urtean zeramatzan aitonaren bila eta nor izan eta Patxi.
Oso lehia polita ere izan zuten Xabi Paiak eta Andoni Egañak. Batak besteari aspaldiko partez batak besteari zerbait esateko ba omen zuten eta han hasi ziren, txapelekin burrukan. Xabik Egañari esan zion berak Andonik duen txapela bereganatu zezakeela, baina Andonik Xabik duena ezetz. Egañak berriz, azkar asko erantzun zion, Xabik Euskal Herriko txapela jaztea baino errazagoa litzatekeela bera Bizkaian erroldatzea.
Bai ikusleak, baita bertsolariak ere oso gustura geratu ziren saioarekin, errepikatzeko gogoarekin, beraz antolatzaileek mota honetako beste saioaren bat antolatu beharko dute datorren urterako.•