Bertsopaper lehiaketaren sari banaketa alaia kultur etxean

Txintxarri 2008ko abenduaren 31

Sasoeta, Landaberri eta Batxilergo ikastetxeetatik 165 lan aurkeztu dira

Ttakunek eta Udal Euskara batzordeak antolatzen duten Lasarte-Oriako XV. Bertso Paper Lehiaketako sari banaketa Añorgako Beñat Gaztelumendi eta herriko Ane Labaka bertsolari gazteen saioekin hasi eta bukatu zen. Ekitaldian, Sasoeta, Landaberri eta Institutuko ikasle mordoxka izan zen. Ondo pasa zutela nabaria zen saioaren amaieran.
Ricardo Ortega Udal Euskara Batzordeko lehendakariak, Mailu Arruti Ttakun Elkarteko ordezkariak eta Joxe Kruz Labaka Bertso Eskolako kideak eman zituzten sariak. Lehen Hezkuntzako atalean, gaiak "mesengerra" eta "bertsolaritza" ziren eta Sasoeta ikastetxeko ikasleen artean lehen saria Oskar Garrido eta Jordan Guijarrek jaso zuten eta bigarrena Alex Ibarra eta Odei Nietok. Landaberri ikastetxekoen artean, lehen saria Bidane Murillok jaso zuen eta bigarren bi sari ematea erabaki zuen Bertso Eskolako epai mahaiak, biek merezi zutelako: Ane Galardi eta Izar Agirretxek jaso zuten sari bana. Hirurek abestu zuten irabazlearen bertsoa.
Landaberri istitutukoen artean, "Nire bloga" eta "Zeinen argazkia daukat gordeta" gaiekin, lehen saria Maider Galardik eskuratu zuen eta bigarrena Garazi Fernandezek.
165 lan ziren, gehienak lehen hezkuntzako ikasleek idatziak, batzuk taldeka edo bikoteka, beraz parte hartze handia izan da. Guztiek, asteleheneko ekitaldian zuzeneko bertsoak entzuteko aukera izan zuten. Batetik, irabazleek euren bertsoak kantatu zituzten saria jaso eta gero. Antolatzaileek, bestalde, eurentzako moduko saioa prestatu zuten, Beñat Gaztelumendi, lehen mailako bertsolarien artean dabilen gaztea, eta, Ane Labaka, askoren ikaskide eta bertso munduan murgiltzen ari dena, gonbidatuz sari banaketara.

Muñoa gidari
Lehen txalo zaparrada eta oihuak Unai Muñoa irakasleak jaso zituen aretoan sartu zenean. Argi ikusi zen maite dutela. Muñoa berak aurkeztu zuen ekitaldia. Gaztelumendi eta Labaka, Añorga eta Lasarte-Oriako bertsolari gazteek saio borobila osatu zuten oro har.
Ikusleak ere saioko partaide izan ziren, Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastoletan 5. eta 6. mailan dihardutenak behean eta Batxilergo ikastetxekoak goian: bertsolariak Erreal eta Athletic-eko zalearean paperean aritu zirenean argi ikusi zen gehienak errealzale direla; bi ikastolak aipatzen bazituzten bakoitzak berearen alde egiten zuen oihu; edo mendian taldetik urrutiratu diren neska eta mutila baldin baziren, ikusle gaztetxoengan irri eta jolasgurea eragiten zuen.
Bi jolas ere proposatu zituen Muñoak: Mihiluzen bezala, Potokumeak jokoan aritu ziren; lehen errima bertsolariek esaten zuten, eta besteak ikusleek asmatu behar zituzten. Moldatu ziren gaztetxoak errimak asmatzen.
Gero asmakizunen jokoan aritu ziren, bertsotan zerbait deskribatu behar zuten Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendik eta ikusleek asmatu. "...txintxoan tankera, erdi rubioa da nere arabera, 25 bat urte gutxi gora bera...”, hasi orduko, ikastolan bezala esku gehienak altxatuta zeuden erantzuna botatzeko prest...•