Santa Krutz biharamunean, erromeria Azkorte ermitan

Txintxarri 2008ko abenduaren 31

Txintxarri

Urnietako udalak antolatzen du festa Azkorten Santa Krutz egunarekin. Lasarte-Oriari berriz, Santa Krutz eguna pasata hurrengo igandean dagokio antolatzea.
Beraz, hitzorduari kale egin gabe, aurten ere Ttakun Kultur Elkarteak antolatu zuen atzoko festa.
Egitaraua goizeko 11:00etan hasi zen, ermitan ospatzen den mezarekin. Bertan, Alboka abesbatzako kideek abestu eta Jon Lasak zuzentzen duen Amalur eskolako gazteek trikitia jo zuten.
Horren ondoren, festa ermitako kanpoaldean jarraitu zuen. Amalur eskolako gazteek jarraitu zuten giroa berotzen euren trikitixa, pandero eta bateriarekin, eguzkiarekin batera; izan ere egun ederra izan zen atzokoa. Giro eguzkitsua eta beroa goiz-goizetik. Goiz erdian haize zakar xamarra altxa bazen ere, eutsi zion giro onak.
Herri kirolak hasi baino lehen Patxi Etxeberria eta Andoni Otamendi bertsolariek saiotxo bat egin zuten, bertaratutakoei agurra eginez.
Herri kirolen txandan berriz, Urtzi Telleria herritarra aritu zen harria jasotzen Aimar Irigoienekin batera. Aizkoran berriz, Ugaitz Mugertza eta Barberena aritu ziren. Enbor bat mozteko Barberenak 43 kolpe behar izan zituen, Mugertzak berriz, 47. Urtzik 15 jasoaldi eman zizkion 125 k. kopari 2 minututan, Aimarrek berriz 19 125 k. errektangularrari. Bikoteka berriz, Urtzik eta Ugaitzek irabazi zuten. Laurek ere lan ederra egin zuten.•