Etengabe mugimenduan

Txintxarri 2008ko abenduaren 31

Maider Oiartzabal dantzari lasarteoriatarra ez da geldirik egoteko jaioa. Urteak daramatza dantzaren inguruan lanean; eskolak ematen ez bada, koreografiak sortzen edo beste dantza taldeekin kolaboratzen... Horietako kolaborazio bat egin berria du Kukai Dantza Konpainia eta Tanttaka Teatroak taldeen azken ikuskizunean.
Bi talde hauek Hnuy illa lana aurkeztuko dute asteburu honetan Leioan eta Errenterian. Ikuskizun poetikoa da, dantza eta musika sujerenteen bidez azalduta. Joseba Sarrionandiaren testuak izango dira Kukai eta Tanttakaren ikuskizun berriaren ardatz. Gizakien arteko harremanak oinarri hartuta, amodioa, desamodioa, bakardadea, erbestea… jorratuko dituzte. Poesiak zipriztindutako ikuskizuna izango da. Dantzaren hizkuntza nagusia izanda ere, dantzarien mugimenduak poesia izango du bidelagun. Ikuskizuneko musikaren egilea Iñaki Salvador izango da eta koreografoa Jon Maya. Elementu guzti hauekin Mireia Gabilondok osatuko du gidoia eta zuzendaritza. Maiderren lana obra honetako koreografietan laguntzea eta aholkatzea izan da.

Eskuarteko proiektuak
Orain bi urte hasi ziren Kukai dantza konpainiako kideak Maiderrekin dantza garaikidea jorratzen, izan ere, taula gainean euskal dantzekin adierazi ezin dutena, garaikidearekin egiten dute.
Landaberri Dantza Eskolako irakasle dugu Maider azken urteetan. Baina ez da eskuartean duen proiektu edo lan bakarra, beste batzuk ere baditu martxan.
Esaterako, iaz aurkeztu zuen "Bidean" proiektua Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Koreografo Berrien Erakusketan, eta aukeratua izan zen. Iazko urriaren amaieran aurkeztu zuen "Bidean" Gasteizko Artiumen.
Maiderren lanak ikusteko aukera bikaina dago maiatzean. Gaur bertan Leioako Kulturlehioan iluntzeko 20:30ean eta igandean Oreretako Errenteria Hiria Kulturgunean (Niessen) 20:00etan Kukai Dantza Konpainiaren Hnuy illa ikuskizuna taularatuko dute.
Maiderrek berak sortutako "Bidean" lana berriz, maiatzaren 31n Artelekun aurkeztuko du "Puntu itsua" eta "e-j-e-r-c-i-c-i-o-nº-2" piezekin batera.
Aurrera begira Landaberri Dantza Eskolan irakasle lanetan jarraitzeaz gain, proiektuak sortu eta lehiaketetara aurkezten jarraitzeko asmoa du.•