Txintxarri
San Markos Mankomunitateak bigarren eskuko merkatuaren 3. eskuko azoka iritsi zen atzo Okendo plazara. Azkenean eguraldiak lagundu eta eguzkia atera zen goizean behintzat. Hogeita hamar postu baino gehiago bisitatzeko aukera izan zuten bertaratutako guztiek atzo goizean eta bertan, denetarik aurkitu zitekeen: arropa, liburuak, disko zaharrak, edalontziak, etxeko altzariak, poltsak, pitxiak, musika tresnak, jokoak, jostailuak eta nahi adin traste bitxi.
Bigarren eskuko merkatu honen helburuak herritarrei berrerabiltzeko aukera praktikoak eskaintzea, prebentzioa sustatzeko ohiturak transmititzea eta aplikazioak azaltzea izan dira. Bigarren eskuko salmenta eta trukea duindu nahi dute eta horrela hiri hondakinen prebentzioa indartu. Hau dela eta herriz-herri mugituko dute merkatua, azoka ibiltari moduan.
Merkatu birtual
iraunkorra
Bigarren eskuko merkatu iraunkorra mantentzeko San Markoseko Mankomunitateak web orrialde bat jarri zuen martxan eta herritar guztien eskura. www.merka2sanmarkos.org helbidean edozein pertsonak erabilitako objektuak saltzeko, erosteko, trukatzeko edo oparitzeko iragarkiak jarri ditzake. Bertan parte hartzeko alta eskatu eta erregistro fitxa bete behar da.
Objektuak hamaika kategorietan multzokatu dituzte: artea eta antigoalekoak, bildumazaletasuna, kirolak, elektronika, informatika, jostailuak eta jolasak, liburuak eta aldizkariak, musika eta zinema, altzariak, arropa eta bestelako osagarriak. Beraz, etxetik ere merka2n parte hartu dezakezue.
Azokan bertan iragarkiak egon ziren plazan ikusgai norbaitek intereseko objekturen bat trukatu edo erosi nahiko balu.
Hamabi euroko balioa zuten banuak zozketatu ziren azokako edozein postutan trukatzeko. Gainera erosketak egitera joateko poltsak oparitu zituzten. Plastiko hondakinak gutxitzeko asmoarekin, berrerabitzeko diren poltsak banatu zituzten plazan eta jende asko gerturatu zen poltsa jasotzera.
Umeak berrerabilera tailerrean elkartu ziren gehienak. Bertan ponpoiekin egindako panpinak egin zituzten artilearekin. Imaginazio piska batekin, etxean topatu daitezkeen materialekin panpinak eta jostailuak egitea erraza dela erakutsi ziguten•