Antolatzaileak oso pozik aurtengo garagardo azokaren arrakastagatik

Txintxarri 2008ko abenduaren 31

Aurreko urteekin alderatuta, aurtengo salmentak ehuneko hogeian igo dira. Jendearen parte hartzea ere handia izan da eta gainera lasai eta festa giro onean pasa dira azokak iraun dituen lau egunak

Txintxarri

Buruntz-Azpi Ehiza eta Arrantza elkarteak antolatutako Garagardoaren VII. Azoka joan diren urteetan baino arrakastatsuagoa izan dela jakinarazi digute antolatzaileek. 2.500 eta 3.000 pertsona inguru gerturatu ziren garagardo mota ezberdinak eta beste hainbat jaki dastatzera.
Lehengo urtekoarekin alderatuta afari eta garagardo salmentak %20ean igo dira aurten, hau da, 2.500 litro garagardo baino gehiago kontsumitu dira. Afarian arrakasta gehien izan zuen platera txerri-ukondoa izan da, 645 saldu ziren.
Jarduera ezberdinak egon ziren azokaren egunetan. Larunbatean, Lasarte-Oriako elkarteen arteko lehen lehiaketa gastronomikoa ospatu zen adibidez, eta ikusleek txapelketako jakiak dastatu ahal izan zituzten doan. Irabazleak "Peña Taurina Palomo Linares”eko kideak izan ziren eta bigarren postua "Sociedad Extremeña”rentzat izan zen. Jaki goxoekin zerikusia duen beste jarduera igandean jandako zikiroa, 92 lagunek parte hartu zuten antolatutako herri bazkarian. Lau egunetan zehar festa animatzeko trikitilari eta txalapartariak aritu ziren inguruan. Ondo girotu zuten gunea, musikak presentzia handia eduki zuen, betiko euskal musikaz gain herriko folk talde baten emanaldiaz gozatu ahal izan zutelako bertaratutakoek.
Liskarrik gabeko ospakizuna izan zen eta antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete parte hartzaileei edukitako jarrera onagatik. Basaundi Bailarako auzoari ere eskerrak auzoan jasandako aldaketekin ere festan gogotsu eta umoretsu parte hartu dutelako. Bestetik, txapelketa gastronomikoko epaile izandako Izaskun eta Sandrari ere eskerrak eman nahi dizkiete beraien eskuzabaltasunagatik.•