“Izugarri gustatzen zait futbolean jokatzea”

helena-ferreras 2008ko abenduaren 31

Futbolari lasarteoriatarrak futbol profesionala utzi berria du. Kostata hartu du erabakia baina garaia iritsi da, lanerako eta baserri berria moldatzeko denbora gehiago behar du. Bizitza lasaiagoa egiteko asmoarekin Amezketara joango da uda partean naturaz gozatzera.

Joseba Irazusta herriko jokalariak futbol profesionalari agur esan dio. Hainbat ekipotan jokatzen aritu eta gero, erabakia hartu eta bizitza lasaiagoa egitera doa. Euskal Herriako taldeetan ibilia da Eibarren eta Barakaldon adibidez baina Espainian zehar ere aritu da Cordoban edo Asturiasen adibidez. Hemendik aurrera maizago ikusiko dugu herrian, nahiz eta Amezketa aldera doan bizitzera.

Noiz erabaki zenuen futbola behin betikoz uztea?
Azkeneko hiru urteotan egon naiz uzteko gogoarekin, baina ezin desengantxatu, izugarri gustatzen zait jokatzea. Erabakia dagoeneko hartu dut, etxean ez zidan inork sinesten baina agurra egin zidaten ekipokoek eta lagunek eta uste dut momentu egokia dela, nahiko polita izan zen dena gainera.
Hala ere... erabat ez dut utziko futbola, realeko beteranoekin hasiko naiz datorren urtean, baina beste erritmo batera, astean entrenamendu bat eginaz. Azkenen finean, txapelketan hasten garenean gogoa berpiztu eta serio jartzen gara, baina horretaz kanpo aspaldiko jendearekin elkartu, aspaldiko kontuetaz hitz egin... futbola bat batean utzi beharrean ba poliki-poliki.

Azken denboraldia Ostadarren egingo zenuela irakurri dut...
Hori nahi nuen, baina arazotxo bat daukat, Ostadarrek daukan zelaiarekin ezin dut. Beraiekin entrenatzen hasi nintzen baina beti belarrean jokatzera ohituta nago eta holako lur gogorrean oso gaizki pasatzen dut, asko kargatzen zaizkit tendoiak eta mina hartzen dut. Aritu nintzen uda batean beraiekin entrenatzen baina zelai berria izango balute ba, bai. Sufrimendu latza izango litzateke hor jokatzea niretzat.

Agurra egin zizutela esan duzu, momenturen batean damutu zinen hartutako erabakiaz?
Batzutan zelaian zaudenean belarraren usaina eta txapelketa giro hori sumatzean pixka bat, baina ez naiz damutzen. Kaskatu samarra nago, ez bizitzarako baina bai futbolean maila horretan ibiltzeko, gainera lanean hasi naiz eta futbolean jarraitzeko denbora asko beharko nuke, entrenamenduak bukatutakoan izotza mina daukadan tokietan jartzen ibili behar dut. Orain entrenatzen baino denbora gehiago pasatzen dut entrenamendurako prestatzen. Gainera lanarekin eta altxatzen ari garen baserriarekin eta lan mordoa daukat eta ez daukat denbora askorik.

Hori galdetu beha nizun, futbola utzita eta zertan arituko zaren, baina badaukazu zer egin!
Amezketara noa, giroz pixka bat aldatzera. Baserria uda honetarako bukatzea espero dugu, beti izan dut baserriekiko zaletasun handia eta hara noa, zaldi batzuk erosita dauzkat gainera. Kirola ere egingo dut, asko gustatzen zaidalako, baina beste modu batean.

Gazte askoren ametsa futbolean profesional moduan jokatzea da eta zuk lortu duzu. Esan al daiteke futbolari moduan zenituen helburuak bete dituzula?
Nire benetako ilusioa realean jokatzea izan da, realeko jokalaria izan nahi nuen. Hiru partidu jokatu nituen baina ez naiz gehiagora iritsi. Bigarren maila eta bigarren B mailan ibili naiz batik bat eta gustura aritu naiz. Berez ametsa realean ibiltzea zen eta badaukat zerbait hori barruan, baina pozik nago.

Aurtengo helburua Beasain hirugarren dibisioan uztea zen, lortu duzu, pozik geratu zara?
Aspaldian bigarren B mailan ibilia da Beasain eta hara bueltatu nahi genuen, baina oso kaxkar ibili gara eta azkenean helburua hirugarren mailan gelditzea izan da. Azkeneko unean salbatu gara eta ez dut gaizki bukatu baina hasierako helburua bigarren Bra igotzea zen.

Futbolari baten ibilbidean zein da unerik garrantzitsuena?
Ez dakit. hainbeste ditut, onak eta txarrak, kirolari bezala eta pertsona bezala. Ezingo nuke bat aipatu. Agian ikasi dudana, lan-talde baten parte izatea. Talderekin batera lehiatzea. Hori izan daiteke garrantzitsuena.

Leku desberdinak ezagutu dituzu, bereziki aipatuko zenukeen baten bat ba al duzu?
Asturiasen urte t´erdi egin nuen eta ikusgarrienetakoena iruditzen zait. Oso,oso ondo egon nintzen han, lagun asko ditut. Leku gehiagotan ere ondo ibili naiz, Cordoban adibidez baina, Asturiasen oso gustura egon nintzen,. Hamar urte ibili naiz Espainian eta agian Asturiasek Euskal Herria gogorazten zidalako edo jendearen karakterragatik, gastronomiagatik... ez dakit... Lesionatua pasatu nuen denboralditxo bat eta txokoak ezagutzen ibili nintzen bokadiloa eta liburua hartuta. Kala pila bat dago, mendialdean ere ezagutu nuen. Pena handia sentitu nuen hura uztean. Baten bat aipatu beharrez gero Asturias.•