Euskararen VII. Maratoia martxan dagoneneko

Txintxarri 2008ko abenduaren 31

www.euskararenmaratoia.com

Prest dago beraz, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeak eta Ttakun Kultur Elkarteak elkarlanean antolatzen den Euskararen VII. Maratoia; eta bera aurkezteko prentsaurrekoa egin zuten asteartean. Ricardo Ortegak, Euskara Batzordeko lehendakariak eman zion hasiera Euskararen VII. Maratoia aurkezteko antolaturiko prentsaurrekoari.
Mahaian bere ondoan zituen kideak aurkeztu ondoren, Euskararen Maratoia, eta eguneroko maratoia ere, ongi atera dadin, oso garrantzitsua dela denok sentitzea gurea euskara gogorarazi zuen. Honekin batera, Udala eta Ttakun oinarria badira ere, ez direla nahikoak azpimarratu zuen; zortzikotea, herriko ikastetxeak, euskaltegiak eta gainontzeko elkarteak ere ezinbestekoak dira.
Mª Jose Eizmendik hartu zuen hitza ondoren, eta honek Euskararen Maratoiaren helburuak eta oinarriak gogora ekarri zituen. Lehenengo maratoiak lau helburu zituen: Lasarte-Oriako euskaldunok 40 ordu euskaraz etengabe egiteko gauza garela adieraztea; euskararen inguruan ahalik eta herriko jenderik gehiena biltzea; herriko euskaltzaleak elkarrengana biltzea, beren arteko tirabirak hautsiz eta maratoia Euskal Herri osora zabaltzea. Esan daiteke lehenengo hiru helburuak bete direla, beraz, edizio honetan “euskararen erabileraren normalizazioa sinbolizatuz, euskararekin motibazioak sendotu nahi dira”.
Amaitzeko zortzikoteko bi kidek, Rebeka Garzesek eta Jokin Ayerregarayk hartu zuten hitza eta zertan dabiltzan lanean azaldu zuten. Dagoeneko zenbait froga finkatuta daude eta beste batzuk puri-purian daude. Froga gehienetan herritarren partehartzea ezinbestea dela gogora arazi zuten. Beraz, badakizue, parte hartzeko gogoarekin bazaudete, web orrira adi egon.•