Txintxarri
Larunbatean ehundaka haur eta gaztetxok parte hartu zuen Lasarte-Oriako Eskola Kirolaren egunean. Egun osoan eguraldiak lagundu ez bazuen ere, hainbat partida eta proba burutu ziren.
Aurre benjamin mailako txikienetatik, infantil mailako gaztetxoetara ehundaka kirolari bildu ziren larunbatean Michelingo kiroldegi inguruan Eskola Kirolaren festan parte hartzeko. Txikienek lau froga egin zituzten, lokotx bilketa, baloi errea, armiarma eta sokatira. 40 lagun aritu ziren lau taldetan banatuta eta euria ari bazuen ere, ez ziren beldurtu.
Benjamin mailako haurrek bi aukera izan zituzten: futbola eta atletismoa. Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo 60 lagun elkartu ziren pisu jaurtiketa, abiadura eta hezi lasterketa probatan aritzeko eta goizeko lehen orduetan euria barra barra ari zuenez, prestatutako egitaraua aldatu, frontoian beroketak egin eta bertan burutu ziren proba gehienak.
Futbolean aritzeko benjamin mailako herriko 52 lagunak bost taldetan banatu ziren eta 10 minutuko launa partidu jokatu zituzten bata bestearen kontra. Partidu guztiak euripean baina umore onean jokatu ziren.
Suerte hobea izan zuten futbolean aritu ziren alebin mailako haurrek. Herriko 30 lagun izan ziren Michelingo zelaian eta hiru taldetan banatuta lehiatu ziren: bi Landaberri ikastolakoak ziren eta bat Sasoeta Zumaburukoa. Talde bakoitzak 20 minutuko bi partidu jokatu zituzten, hasieran euripean baina gerora giro hobeagoarekin. Saskibaloian jokatzeko elkartu ziren 12 lagun hiru hiruren aurka aritu ziren. Junior eta infantilen arteko lagunarteko partidua ere jokatu zen. Aipagarria da mutilak eta neskak denak batera aritu zirela. •