Jai giro bikaina asteburu osoan Zabaletako jaietan

jon-altuna 2008ko abenduaren 31

Jon Altuna

Eguraldi txarra ez da oztopo izan Zabaleta auzoko jaietan eta auzotarrak giro bikainarekin egin diote aurre asteburu osoan eguraldi kaxkarrari. Atzeratu den ekitaldi bakarra larunbat arratsaldean Hipo eta Tomax pailasoen emanaldia izan zen, baina irailan etorriko direla hitzeman dute. Larunbatean haurrak izan ziren protagonista egunez. Eguerdian aterraldia lagun ederki ibili ziren puzgarrietan eta opari bana jasota etxeratu ziren. Arratsaldean pailasoen emanaldia atzeratu bazen ere, ez haurrentzako herri kirolak.
Afalondoren, bertsolariek saio bikaina egin zuten. Hasteko oholtza gainetik, Andoni Otamendiren gaiei erantzunez, ederki aritu ziren Amaia Agirre, Gaztelumendi anaiak eta eskolarteko txapeldun izan ondoren Zabaletara hurbildu zen Ane Labaka. Ondoren jende artera hurbildu eta dantzan jarri zituzten bertan zeudenak Aita Semeak doinua erabiliz.
Ondoren gazteen ordua iritsi zen. Goizera arte luzatu zen kontzertua: Lehenengo Odolaren Mintzoa boskotea aritu zen eta ondoren maketa lehiaketa irabazi duen Gaueko Itzalak herriko taldea.
Eta igandean ere egun guztiko egitarau zabala: Goizean Joxan Telleriaren bi idi pareren arteko dema, 39-38, plaza baten alde estuarekin amaitu zen. 1.500 kiloko harria erabili zuten eta idiak eramaten Euskal Herriko emakumezko bi itzain bakarrak izan ziren, biak oiartzuarrak, Amalur bere senar Josurekin eta Izarraitz Joxan Telleriarekin. Azken hauen idi parea nagusitu zen alde txikiarekin.
Proba mixtoan Tellerigain nagusitu zen 8´32” denborarekin. Hogei segundura, ia batera, iritsi ziren beste bi taldeak, Erkide Etxea eta Larrekoetxe Ostadar. Trontzan, txingak eramaten, lokotxak biltzen eta korrika egin zuten hiru aldiz bost lagunez osatutako taldeek. Txan magoa, karta eta toka txapelketak, batukada, dantza, musika, antzerkia,... denetarik izan da, umore onean eta euskal giroan burutu diren Zabaleta auzoko festatan.•

Omenaldi hunkigarria Joxe Migel Aranzadiri.- Zabaletako ekimenetan zein festatan esku hartze zuzena izan ohi zuen Joxe Migel Aranzadi, iaz hil zen auzotarrari, omenaldi beroa eskaini zioten igande arratsaldean. Bere sendiaren aurrean, txalaparta doinuak, aurreskua, bere lagun Antton Garinen bi bertso hunkigarri eta beste bertso sorta musikatu bat eskeini zizkioten. Alargunak opari eta lore sorta jaso ondoren eskerrak eman eta Joxe Migel horrelako lagunak izateaz harro zegoela eta egongo dela esan zuen.