Jon Altuna
Anek Labakak 15 urte ditu, 16 betetzeko eta Maddi Labakak 14. DBHn daude, laugarren eta bigarren mailan hurrenez hurren. Zaletasuna etxetik datorkie, Joxe Kruz Labaka aita bertso eskolako partaide eta bertsozale amorratua baita.
Asteburuan galtzetan kabitu ezinik zen aita. Izan ere, sari bana jaso zituzten Donostiako bertso paper lehiaketan, ostiralean, eta lau sari, Gipuzkoako eskolartekoan, idatziz eta bapatean... Eta larunbat gauean Ane Zabaleta auzoko festatan kantari. Gehitxo asteburu bakar baterako.
Noiztik ari zarete bertsotan?
Ane: Bera hasi zen ni baino lehenago.
Maddi: Bai ikastolan hasi nintzen, lagun batek esanda eta gero Aneri jarri zitzaion gogoa.
Aspaldi izan al zen hori?
A: Ni duela lau urte hasi nintzen.
M: Ni bost
Eta nolakoak izan ziren hasierak?
A: Añorgan ikasten genuen eta han Añorgan hasi behar nintzen Maddirekin bertso eskolan, baina beste zerbait neukalako, ordutegiarengatik, ezin nuen eta orduan aitak (Joxe Kruz Labaka) Amaia (Agirre) ezagutzen zuenez, esan zidan berarekin hasteko Asteasun. Hasieran joan eta ez nuen inor ezagutzen eta isil isilik egoten nintzen. Orain lagunak egin ditut. Maddi eta biak joaten gara orain Asteasura.
Zaletasuna etxetik datorkizue ezta?
M: Bai aita da oso bertsozalea.
Asteburu hau egia esan berezia izan da biontzat. Kontatu nola joan den...
A: Iruran jokatu zen Gipuzkoako eskolarteko finala. Aurretik bagenekien idatzizkoak irabazita geneuzkala, Maddik bere kategorian, eta nik ere bai. Nik behintzat ez nuen ezergatik ere espero bapatekoa irabaztea.
Jada sari bat bazeneukatela jakinda lasaiago joango zinaten noski...
M: Hala esan ziguten txapel bat bageneukala eta lasai joateko.
A: Niretzat ez hainbeste, gauza bat gauza bat da eta bestea bestea. Maddik bertso bakarra kantatu behar zuen, baina nik han egon behar nuen.
Aspaldian kantatu duzu zenbait lekutan horrek lagunduko du, ezta?
A: Bai baina txapelketa izateak urduri jartzen zaitu.
Eta zu, Maddi, lasai sentitu al zinen?
M: Bai ni bai.
A: Bai Maddi ausartagoa da
Eta, txikien kasuan, bertso bakar batean erabakitzen al da txapela?
M: Taldeka, hiru edo lauko taldeak dira eta bik lau oinekin egin behar dute bertsoa eta beste bik gaiarekin. Hiru izanda batek errepikatu egiten du baina gure taldean lau ginenez bana kantatu genuen.
Irurakoa, Gipuzkoako txapelketa izan da, orain Euskal Herrikora al zoazte?
A: Ni bai, Maddi ez.
M: Txikien mailan bi bertso onenak bota dituztenak aukeratu dituzte eta handienean txapelduna eta txapeldunordez.
A: Orain dela bi urte jada izan nintzen 14 urtez azpikoan.
Eta gogoarekin al zoaz?
A: Gogoarekin bai, baina ikusturte bukaerako bidaian nago eta egun bat lehenago itzuli beharko dut Saloutik.
Eta ostiralean Donostiako sariak jaso zenituzten...
A: Donostian ikasten dugu eta urtero egiten da inguruko ikastetxeen artean literatur sariketa, ipuin, bertso,.. banatuta eta jada ez dakit zenbat urtean atera dugun. Ez du jende askok parte hartzen.
Biok atera duzue saria aurten?
M: Bai azken hiru edo lau urtetan atera dugu saria.
Bertsoen atalean beti, ez duzue ipuinik edo aurkeztu
A: Nik behin edo behin aurkeztu dut gutunen bat, baina maila handia izaten da. Bertsoa, aldiz, jende gutxik idazten du.
Zenbait bertso paper lehiaketatan atera duzu saria, baduzu sortaren bat bereziki gustuko duzuna...
A: Ez bereziki.
Eta, zuk, Maddi, idazten al dituzu bertso paperak?
M: Ez dut oso gustuko, baina esaten badidate sariketaren bat dagoela edo bertsoak idatzi behar direla gustora egiten ditut. Ez dut, hala ere, bertso paper lehiaketa askotan parte hartu.
Asteasun ari zerate...
A: Bai eta ni Lasarten ere bai.
M: Asteasukoak oso jatorrak dira. Lagun onak ditugu.
Asteasun Amaia Agirre da bion irakaslea. Zer esango zenukete berataz...
A: Ez dago hitzik ez da irakaslea bakarrik, eskolakoa bezalakoa behintzat ez, lagun bat da.
Asko ikasten ari al zarete berarekin
A: Bai eta ez bakarrik bertsotan.
Eta helduen bertso eskolan, zer moduzko giroa dago?
A: Ona. Lujo bat da Patxi Etxeberria edo Unai Muñoa bezalako bertsolariekin aritzeko aukera.
Eta zuk Maddi ba al duzu hasteko asmorik?
M: Egia esan denbora ere asko ez daukat, oraingoz horrela Asteasun jarraituko dut.
Beste zein zaletasun dituzue?
M: Futbolean jokatzen dut Ostadarren, kadete mailan, aurten txapeldunen fasean izan gara, musika eskolan trikitixa jotzen dut, bertso eskolara joaten naiz, azterketak, lagunak,...
Eta zuk, Ane?
A: Nik bertsoez gain, pintura egiten dut. Koadroak margotzen ditut. Irakutrezin aldizkaria ere ateratzen dugu lagun batzuen artean.
Egañarekin kantatu zenuen Barrenak Astinduz saioan, ezer berezirik sentitu zenuen?
A: Kristona izan zen neretzat. Orain bideoa pasatu digute, eta ikusten deten bakoitzean,... oraindik sinisterako. Orduan bai nengoela urduri.
Ba ez zirudien, oso ondo aritu zinen... Beste norbaitekin kantatuko al zenuke gustura?
A: Askorekin, Amets Arzallus gustatzen zait asko. Bertsolari bakoitzaren zerbait gustatzen zait.
Zer adibidez?
A: Muñoaren ahotsa. Xabi Payak keinuen bidez duen komunikatzeko gaitasuna,...
Eta zuk Maddi norekin kantatuko zenuke gustora. Miresten al duzu norbait.
M: Ez edozeinekin. Kantatu nahi duen batekin.
Anai arrebak badira bertsoen munduan, Sarasua, Arzallus, Paya,... Zuek bide berbera jarraituko duzue?
A: Guk, gure bidetik. Ez dakigu, ikusiko da.
Eta aitarekin kantatzen al duzue
A: Nik bertso eskolan, etxean ez. Ez daukagu ohiturarik. Maddi eta biok gure artean ere ez.
M: Nik oso gutxitan kantatu dut aitarekin. Batzutan txapelketaren bat badago esaten diogu punturen bat edo jartzeko.
Entrenatzen zaituzte berak, beraz...
M: Zerbait, baina gutxi.
Korrika ere atera zarete Lasarteko krossean.
M: Ia urtero. Gazteago nintzela atletismoa ere egiten nuen.
Maratoian parte hartuko duzue
A: Nik abesti bateko letra bat egin dut. (Bizitzari mila esker). Eskatu zidaten eta egin nuen. Ez dakit nola geratu den, ez dut entzun.
Ze nabarmenduko zenuke zure bertsokeraz?
A: Esaten didate Amaiak bezala kantatzen dudala.
M: Oso perfekzionista da.
Hori zer da ona edo txarra
A: Ona eta txarra.
Zer akats ikusten dizkiozu zure buruari?
A: Bat, hori eta tabernako saio batean, edo festatakoan bada askatuko naiz, baina bestela txapelketa batean seguru egon arte ez dut botako, ez naiz hasiko.
M: Hamar buelta ematen dizkio.
A: Hasi naiz ikasten piskanaka baina lehen denbora pila bat egoten nintzen pentsatzen.
Beldurra ematen dit bertso erdian geratzeak. Bukatzen badet berdin zait, behintzat bukatu dut baina,... geratzeak ematen dit beldurra eta orduan burua bueltaka,...
Eta Maddik zer daukazu ona?
A: Kristoan ahotsa dauka. Ez du hainbeste nerbio izaten, nik bezala.
M: Nik ez dut hain serio hartzen berak bezala bertsolaritza.
Ze ikasten ari zarete?
A: Ni, laugarren DBHn eta hurrengo urtean letratatik joateko asmoa dut, grekera, latina,... Aurrerago agian euskal filologia edo kazetaritza.
M: Ni bigarren DBHn nago eta ez dakit zer egingo dudan.
Horrela utzi genituen, Ane eta Maddi Labaka Lasarteko bi bertsolari gaztetxoak. Aspaldian bada Lasarte-Orian bertsoaren inguruan hainbat ekitaldi. Ane Labakak GRko saioa du gaur bertan Zarautzen.•