XX. Dantzari Txiki eguna ospatu zen atzo

Txintxarri 2008ko abenduaren 31

Atzo XX. Dantzari txiki eguna ospatu zen Lasarte-Orian. Faltzes, Urretxu, Zangotza, Legazpi, Orereta eta Portugaleteko taldeak etorri ziren eta herriko Landaberrikoak eta Erketz Txikikoak. Guztira 250 bat ume inguru bildu ziren haietatik 120 Landaberrikoak eta 45 Erketz taldekoak.
Goizeko 10:30ean bildu ziren denak Isla plazan gero Brigitatarrenean talde argazkiak ateratzera joateko. Goizean Lasarte-Oriako auzoetako kaleetatik ibili ziren musikarekin herria girotzen, talde bakoitzak ibilbide desberdin batetatik. Jende asko gerturatu zen haurrak ikustera goiz osoan zehar. Bazkaldu eta gero arratsaldean berriro bildu ziren jaialdiarekin jarraitzeko. 17:00etan alardea egin zuten eta 17:30ean talde bakoitzaren emanaldia Okendon. Zortzi dantza taldeek egin zuten emanaldia Amalur trikiti taldearen laguntzarekin. Zinta dantza, makil dantza eta arrantzale dantza ikusi genituen beste askoren artean. Taldeek dantzatzen zuten bitartean gainontzeko umeek animuak ematen zizkieten eta beraiekin batera dantzatzen zuten musikaren erritmoarekin batera. Plaza dantzaleku bilakatu zen atzokoan.
Dantzak bukatutakoan oroigarri eta ateratako argazkiak banatu zituzten dantzarien artean, talde bakoitzeko bikote bat igo zen taula gainera bere oroigarria jasotzera.
Kalejirarekin bukatu zuten eguna dantzari gazteek 19:00ak aldera. Giro polita sortu zen eta jende asko gerturatu zen Okendo plazara txikien dantzak ikustera, zorionez ekitaldia bukatutakoan hasi ziren lehen euri tantak.•