Itziar carrasco
Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek lasarteoriatarren laguntza izan dute berriz ere. Aurreko abenduan Eskerrik asko! diskoa eta liburuxka kaleratu zituzten. Proiektu honetan, ASPANOVAS elkartearekin elkarlanean jardun dira haurrek minbizia ezagutu eta gaixotasunaren eraginen berri izan dezaten. Honela, Mari Mototsen gaixotasunaren bizipena era naturalean eta itxaropentsuan aurkezten dute pailazoek. Diskoa eta liburuxka kalean dagoela, DVDa egiteari ekin diote, urria aldera kaleratzeko.
Suhiltzaile izan nahi dut abestiaren bideo-klipa Zabaleta auzoan eta Teresategi mendian grabatu dute, Lasarte-Oriako herritarren laguntzarekin, besteak beste: Mailu Arruti, Junkal Perez eta Antton Garin (aktoreak), Jesus Mari Presa eta Josu Gabantxo (suhiltzaileak), Edu Galardi (grabaketa) eta Isa Fernandez de Agirre (muntaia).
Lau egun behar izan dituzte Suhiltzailea izan nahi dut abestiaren bideo-klipa eta erreportaia grabatu ahal izateko. Edu Galardik kontatu digunez goizeko 9:00ak aldera hasi eta eguerdira arte, jo ta ke aritu dira lanean grabaketa egunetan. "Suhiltzaileek beraien aldetik dena jarri eta erraztasun guztiak eman dizkiguten arren, lan konplexua izan da, muntaia handia izan delako. Alde batetik, jende asko koordinatu behar genuen eta bestetik abestiak eskatzen zuen guztia lortu behar genuen: katu bat zuhaitzean, suhiltzaileen kamioiak, eskailera, sua, istripua izan duen kotxe zahar bat, zodiakak... Letrak esaten duena irudietan islatzen saiatu gara".
Suhiltzaileen parkean
Bi egun Donostiako suhiltzaileen parkean igaro dituzte erreportaia grabatzeko. Pailazoek ez zuten soilik suhiltzaileak egunerokotasunatik atera, parkearen parean dagoen ikastetxeko irakasleak ere bai; haur guztiak mahaiak utzi eta leihoetako beiretan itsati zituzten aurpegiak. Azkenean, ikastetxeko larrialdietarako atetik patiora atera ziren ikasle eta irakasleak grabaketa ikusteko. "Garabia, zazpi pisutako luzera duen eskailera, amona eskaileran puntan, 3 pailazo, 8 suhiltzaile, extrak, ke makina martxan... izugarria izan zen", Eduk irribarrez dio, "hauekin dena katxondeo bat da. Lan ordu asko izan dira muntaia ez zelako erraza, gainera, horri gehitu behar zaio haurrak han zeudela, pailazoak agurtu nahi zituztela eta hauek beti bezala alai, pozik haurrekin aritu ziren. Horrek daraman deborarekin!•