Oialume auzoko istorioak mural batean zizelkatu ditu Gotzon Huegunek

Txintxarri 2008ko abenduaren 31

Gotzon Huegun Lasarte Oriako eskultoreak, bi metro karratuko mural handi bat egin du Oialume auzoko eta bertako erromerien inguruko hainbat istorio jasoz. Hernaniko auzo honetako tabernan kokatuko da baina jabeari (tabernako Barrenetxea-Lasarte familiari) eman aurretik ikusgai jarriko da. Lau hilabeteko lana izan da: batetik egurra zizelkatu du eskultoreak eta bestetik altzairuzko markoa jarri dio.

Jon Altuna

Oialume auzoko Barrenetxea familiaren enkarguz egurrezko mural berezia egin du Gotzonek. Auzoko azken 60 urtetako hainbat gertaera eta bizipen jasotzen dira taberna daukaten Asentsio Barrenetxea eta emazteari anai batek egin dion oparian. Taberna barruan jarriko da datorren astetik aurrera.
Istorioaren hasiera, duela 60 bat urte Barrenetxeatarren aitak egindako apustu batean datza. Halterofiliako barren antzekoa baina helduleku karratua duen euskal barra nork gehiagotan altxa apustu egin zuen bi lagunekin. Girotzeko soinujole bat eraman zuten eta igande ederra pasa zuten bildutakoek dantzan. Horren ondo pasa zutenez, jendeak igandero zerbait antolatzeko eskatu zion eta ordutik negu partean igandero izan da erromeria Oialume auzoan. Oraindik ere egiten dira igandetan disko festak.

Oialumeko erromeria
Erromeria bi arbolen artean egiten zen eta horiek ere muralean daude, bakoitza alde banatan, baita lehengo etxe zaharra ezkerrean eta dantzaleku berria eskuinean eta auzoko zein erromeriatara joan ziren kanpotar ugariren irudiak, dena biltzen da muralean: hasierako nekazal giroa, aipatutako apustua, Barrenetxearren ama sukaldean eta izeba barran, umeak errifak saltzen soinujoleari ordaintzeko, ardo kupela kanilarekin, dantzara joaten ziren Loiolako soldaduak eta Donostiako neskameak, hauen igandeko zapatak ez hondatzeko alokatzen ziren alpargatak, soinujole itsu bat ere ageri da, behin euri asko egin eta errekatxoa hazi arren itsuak ura berarengana iristen ari zela konturatu gabe oholtza gainean jotzen jarraitu zuen unea, aterkiak, igandero zozketatzen ziren oilasko parea, aharia,... Baita garai modernoagoak ere, Asentsio berak Trakets taldean bateria jotzen zuen garaia, gitarra eta saxofoi joleak, euskara eta Euskal Herriaren aldeko militantziaren garaia, lauburua... eta azken partean 80. hamarkada beste orrazkera batzuk, euskal herrian euskaraz, eguzki eta Aministiaren aldeko sinboloak. Garai hartan sarrera kobratzen hasi zirela irudikatzen da eta bukaeran izeba, jada amona bihurtuta ageri da istorio guztia kontatzen.
Istorio gehiago baziren, baina egurraren tamaina izan da muga. Dena ezin izan du sartu, 2,30x1,10 neurriak ditu eta 25 zm.ko lodiera. Intxaurrondo egurra da eta marko bezala darabilena, altzairu korten delakoa, Txillidak Haizearen Orrazian erabilitakoa.
Prozesu luzea izan da, urte osokoa, ideia sortu zenetik bi astean behin edo izan da Oialumen, hasieran historia ezagutzeko, gero estiloa finkatzeko, zirriborroak ikusi, azken marrazkia erabaki... Kostata baina lortu zuen intxaurrondoa, Oiartzungo baserri batean, detaile txikiak egiteko ona delako aukeratu du. Gero hiru hilabete eta erdian eskuz landu du egunero bederatzi bat ordu zizelkatuz. Lan handia izan arren, oso gustura egin duela aitortu digu Gotzonek. "Gauza bat da marrazkia, erraz egiten da, baina gero egur asko kendu behar da azken emaitza lortzeko. Orain ikusita badirudi bi goizetako gauza izan daitekeela, baina ez".

Aurrera begirako lanak
Hernanin sanjuanetan dantza lehiaketako bi garaikurrak zizelkatzen ari zen Gotzon aurreko ostiralean. Lanik eta etorkizunerako asmorik ez zaizkio falta. Nafarroako Azkarate herrian eraikitzen ari den etxe-tailerrean egur handiak dauzka datorren urterako erakusketa bat prestatzeko. Enkarguei esker bizi bada ere, denbora duenean bere gogoeta eta barrutik ateratako piezak egiten ditu erakusketetarako. Azkenean ekoitzitako gehiena saltzen du zorionez.
Polonian izan da egun hauetan, bere lanen erakusketa han egiteko asmoa du. Bertako batzuek proposatu zioten maiatzean egiteko, baina Oialume eta Azkarateko lanekin ezinezkoa izan bada ere, bertan izan da tokiak ezagutu, espazioak ikusi eta beraiekin hitz egiteko. Aurretik, Frantzian eta Suitzan zenbait sinposiumetan egon da. Beretzat garrantzitsua da lana izatea, enkarguei ondo erantzutea da, baina "gustatzen zait urtean behin edo horrelako sinposiumetara joatea, proposamena egin eta hautatua baldin bazara bertara joan 15-30 egunetan eskultura egiteko. Murtxanten bada lehiaketa bat ardoaren inguruan eskultura bat egiteko, erakartzen nau, baina ez dakit denborarik izango dudan".
Badu beste mural handi bat egiteko asmoa, "4 m. luzera, 1,10 altura eta 15 zm.ko loditasuna duen haritz egurra erosteko asmoa dut aukera dudanean Euskal Herriko historia garatzeko, Ekaineko kobazuloak margotu zituztenetik Euskal Herriko azken sorginak hil zituzten garaira arte. Era surrealista batean, Europa zaharreko kultura, naturari lotua, kobazuloak, sendabelarrak, akelarrea...".

Autodidakta
Lasartearra, 17 urtera arte bertan bizi izan zen, gero Zarautzen 13 urtean, beste bi Hernanin, "orain Azkaraten egin dut etxea eta esaten dut Azkaratekoa naizela". Hernanin ere badauka tailerra. 20 urterekin hasi zen egurra lantzen. Patricio Madoz, bere aitaren lagunarekin. Hura erretiratzean, Zarautzen izan zuen beste maixu bat. Beti bere kasa ikasi du, eskoletatik pasa gabe. Geroago eskultura ikasi nahi eta Debako eskolan egin zuen ikastaro bat zein harri mota dauden eta zein erreminta erabiltzen diren ikasteko. Saiatzen da urtean hilabete bat edo Murtziako maixu batengana joaten. "Horrelako maixuak bilatu ditut beti, eskoletan dena da arautua eta zure kreatibitatea murriztu egiten dizute".

Bere lanak kalean
Zenbait lan baditu Lasarte-Orian, Atsobakarren Mendiluzeren omenezkoa, ondoko errotonda batean beste pieza bat eta Lasarteko sarrerako plakarena geltoki ondoan; Hernanin, Zinkoeneako plazan; Usurbilen Eguzkitze plazan sagardo egunaren inguruko harrizko iturria, Debako pasealekuan, Miramar jauregian,... Almerian ere badauka eskultura bat, hango nazioarteko sinposiumean hautatu zuenetik.
"Nire ustez artea museoetan baino kalean egotea ederragoa da, kalean edozeinek du aukera eskultura ikusteko, beste gertutasun bat dago. Poza ematen dit kalean lanen bat jartzeko proiektua ateratzen denean eta batera urduritasun eta beldurra, kalean kritika zabaldu egiten da". Kritika onak izaten dituela aitortu digu. Klaseak eman ditu aurten Hernanin, “baina ni tailerreko mutila naiz, gustuko musika jarri eta lana egin".•