Ostiralean, ekainaren 13an, gazte asanblada egin zuten gazte lokalean. Gazte bilgunea sortzeko asmoarekin ireki dute lokala, euskaraz funtzionatzeko gazteek kudeatuko duten gune bat izango da eta ostiralean gazteen jarrera, hartu nahi dituzten ardurak eta dituzten ideien berri izateko bildu ziren antolatzaileak eta herriko gazteak. Bilerari hasiera emateko talde iraunkorreko kideek Gazte Bilgunearen aurkezpena egin zuten bertaratu nahi izan zutenek proiektua ezagutu zezaten. Berrogei bat gazte hurbildu ziren Iñigo de Loiola kalean dagoen lokalera proiektu desberdin honen berri izatera.
Jendeari gustatu zitzaion bertan aurkeztu zen proiektua eta ideia batzuk botatzen ausartu ziren batzuk, gehien bat musika, antzerkia, irratia eta zinearen ingurukoak izan ziren baina ohikoak ez diren hitzaldi eta solasaldiak egiteko proposamenak ere entzun ziren, adibidez literatura eta sensualitatea uztartzen duten saioak egitea. Okendo Zine Taldekoak ere parte hartzera animatu dira beraien materiala eta ezagutza aprobetxatuz zine forumak antolatzeko horrela zinea gustuko dutenak edo ezagutu nahi dutenak biltzeko.
Herriko gazteak prest daude proiektuan parte hartzeko eta bere burua eskaini dute behar diren lan ezberdinak egiteko, hala nola, lokalaren atontzean parte hartzeko edo eta dirua biltzeko ekintzak antolatzeko.
Horrelako proiektu batek zailtasunak baditu bai teknikoak eta baita ekonomikoak ere beraz aurrera ateratzeko jendearen laguntza beharrezkoa da.
Asanblada bukatutakoan patata tortilla jaten geratu ziren eta ideia berriak botatzen jarraitu zuten, janari artean imajinazioa martxan jarri zen.
Momentuz, taldeak osatzeke daude horregatik datorren ostiralean 18:00etan berriro bilduko dira ideiak botatzen jarraitzeko eta ideia horiei forma ematen hasteko. Nahi duena gerturatu daiteke gustuko duen proiektuan lagun artean parte hartzera eta jardueraren bat aurrera atera nahi badu eta ez badaki non bertan dauka aukera polita.•