Antzerki asteak zenbat eta urte gehiago orduan eta arrakasta handiagoa

helena-ferreras 2008ko abenduaren 31

Larunbatean bukatu zen aurtengo antzerki astea dantza emanaldi eta batukadarekin. Lau taldek egin zuten dantza, bakoitza estilo eta gai desberdinekin, festa giroa, natura eta euskal dantzen inguruan egin zituzten lanak eta asteari bukaera emateko talde guztiak aritu ziren batukadaren erritmoarekin batera dantzan, ikus-entzuleak ere animatu eta oholtza gainera igo ziren dantzatzera, bukaera ezin hobea beraz bi aste hauek izan dutena.
Aurtengo Landaberri Antzerki Eskolako Antzerki Asteak bi aste iraun ditu, ekainaren 2an hasi eta ekainaren 14ra arte egon dira mota guztietako lanak ikusgai. Urteak pasa ahala talde gehiago sortzen dira, aurten hogei taldek eta batukadakoek hartu dute parte eta arrakasta handiz gainera, kulturetxeko eserlekuak beteta egon batira bi aste hauetan zehar. Taula gainean adin guztietako jendea ikusi ahal izan dugu lehen hezkuntzako lehenengo mailakoetatik hasi eta helduen taldeetara iritsi arte DBHko ikasleetatik pasata. Kalitatea handia izan da bai antzerkian eta baita dantzan ere, jendea txundituta geratzeko modukoa.
Profesionalen moduan
Ekainaren 6an Landaberriko helduen lehenengo taldeak “Garraxi Ixiliak” lana aurkeztu zuten herrian. Andoainen egin zuten lehenengo aurkezpena eta izugarrizko arrakasta izan ondoren Lasarte-Orian ez zen gutxiagorako izan. Helduen bigarren taldeak ekainaren 14an egin zuen emanaldia “Klik-On” umorezko lanarekin. Jendea algara batean murgildu zen espero ez zituzten jakiak eskaini zizkietenean, sexuaren inguruko lan desberdina ikusi ahal izan zuten lasarteoriatarrek.
Gaztetxoenak ez ziren atzean geratu eta oso lan politak aurkeztu zituzten lagun eta familiaren aurrean. Seguraski urte batzuk barru ikusiko dugu bat baino gehiago antzoki handietan lanean.•