Itziar Carrasco
Nola eman zenuen tenisetik txirrindularitzarako pausoa?
Duela hiru denboraldi hasi nintzen txirrindularitza mundu honetan. Egia esan, telebistatik asko jarraitzen nituen lasterketak eta agian, horrek animatu ninduen. Gainera, taldean lagun bat dut, Josu Alkorta, berarekin sartu nintzen taldean. Geroztik, hirugarren denboraldia dut hau eta oso gustura nabil taldean. Aurretik tenisa egiten nuen eta behin edo behin aitarekin ateratzen nintzen bizikletan ibiltzera, baina inoiz ez nau hainbeste erakarri txirrindularitzak.
Gipuzkoako txapelketarekin amaitu al duzue denboraldia?
Ez inondik inora. Azaroan ekiten diogu denboraldiari belodromoan, buelta eta buelta. Hamar jardunaldietako txapelketa izaten dugu, beraz astero lasterketa bat. Hori bukatu eta gero izaten ditugu hiru bat aste deskantsatzeko eta gero, martxoan, errepideko denboraldiarekin hasten gara. Denboraldia luzea eta gogorra egiten da, deskantsatzeko denbora gutxi eta udan ere tope ibiltzen gara.
Pistatik errepidera aldaketa handia al dago?
Jende askok besterik uste badu ere, pista errepidea baino askoz ere seguruagoa da. Eroriez gero, asko jota gorputza urratu dezakezu, baina errepidean erori eta auto batek harrapatzen bazaitu askoz ere okerragoa da. Segurtasun aldetik, seguruago sentitzen naiz pistan.
Bestalde, jendeak pentsatu dezake pista monotonoagoa dela, bueltak eta bueltak eman besterik ez dugulako egiten, baina behin karreran sartuta zaudela asko disfrutatzen duzu. Agian, errepidean aldapak direla edo ez direla, gehiago sufritzen da. Pistan potentzia eta explosibidadea lantzen da, askoz ere indar gehiago behar izaten da.
Pistan aritzeak errepiderako prestatzen zaitu, ezta?
Bai, tropelan joaten, beste txirrindulariekin kontaktua edukitzen, gorputza sartzen, gurpila hartzen eta oreka mantentzen ikasten duzu. Polita da.
Beasainen nola ikusi zenuen zure burua?
Ez dakit intuizioa edo zer izan zen, baina ihesaldian sartzea lortu nuen. Zorte pittin batekin agian, baina momentu onean aurkitu nintzen, erasoa jo eta ihesaldian sartzea lortu nuen. Ez dakit zein puntutaraino forman egongo naizen, baina ez nago gaizki.
Gainera, duela gutxi lesioa eduki dut, eskumuturra pitzatu nuen eta errekuperatzen ari naizenaren seinale izan daiteke.
Ondo sentitu nintzen, baino aldapa goran oraindik asko sufritzen dut eskumuturraren kontuarekin. Bestela oso gustura sentitu nintzen. Egia da ere, ez nuela hain ondo ibiltzea espero.
Txirrindularitza tenisa baino gogorragoa al da?
Sakrifizio aldetik agian bai. Beno, goi mailan ibiltzeko kirol guztiak oso gogorrak dira, baino betidanik esan da, ezin denean ekinez lortzen dela nahi duzuna. Azkenean, zure buruari jartzen diozun erronka, gauza asko baztertuz lor daiteke.
Nola uztartzen dituzu ikasketak, kirola eta lagunak?
Zorte handia daukat lagun zoragarriak dauzkatelako eta ikasketetan ere ez dut arazorik. Denbora antolatzen jakiten dut eta azkenean denean nahiko txukun moldatzen naizela uste dut. Agian nabarmendu gabe, baino nahiko txukun ibiltzen naiz. Uste dut, denbora ondo antolatzen jakiten duenak guztirako denbora soberan izaten duela. Hori bai, gogoak jartzen badituzu eta zuk nahi duzun horrengatik borroka egiten baduzu uste dut emaitzak iristen direla.
Udan oporrak hartzeko betarik izango al duzu?
Abuztu hasieran agian jubenilekin lasterketaren bat korrituko dugu, baina seguruenik oporrak hartuko ditugu. Orduan, lasai egoteko beta edukiko dugu eta eguraldi ona aprobetxatuz ea osabarekin kostaldean zikloturismo pixka bat egiten dudan.•