Ttakunekin eta herriko ikastetxeekin hitzarmenak sinatu ditu Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2008ko abenduaren 31

2008-2009 ikasturtean Ttakun Kultur Elkarteak eta herriko lau ikastetxek burutuko dituzten egitasmo ezberdinak diruz lagunduko ditu Udalak eta laguntza horiek finkatzen dituzten hitzarmenak sinatu zituzten aurreko ostegunean, Udaleko Ana Urchuegia eta Ricardo Ortegarekin. Ikastetxeekin hitzarmenak berriak dira, aurten lehenengo aldiz sinatu dira ikastetxetako aldizkariak eta beste zenbait programa diruz laguntzeko. Ttakunek Udalaren laguntzaren truke batetik Aisialdia euskaraz burutzeko eskaintza, besteak beste, udako txokoak, kanpaldiak, Amaraun ludoteka eta kuadrillategi programa, bestetik Txintxarri aldizkaria eta azkenik solaskide-solasbide programak kudeatuko ditu.

Bost hitzarmena sinatu zituen aurreko ostegun eguerdian, Ana Urchuegia alkateak, Euskarako Batzordeko lehendakaria den Ricardo Ortegak lagunduta, bat, Ttakun elkarteko Mari Jose Eizmendi lehendakariarekin eta beste lau herriko lau ikastetxetako zuzendariekin. 2008-2009 ikasturtean Ttakunek zein ikastetxeek burutuko dituzten hainbat egitasmoetarako diru-laguntza finkatzen da hitzarmen horietan.
Ricardo Ortega, Euskara Batzordeko lehendakariak egin zuen hitzarmenaren azalpena. Batetik Ttakunekin sinatutako hitzarmenari buruz esan zuen laguntzen diren programak hamaika direla, hiru multzotan banatuta: "Alde batetik, multzo nagusia haurren eta gazteen aisialdia euskalduntzera zuzendutako programak biltzen ditu (udako txokoak, gazteentzako kanpaldiak, Amaraun ludoteka, Kuadrillategi programa eta abar), bestetik, Txintxarri aldizkaria laguntzen du diruz, eta azkenik, Solaskide-solasbide programa, euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskara ikasten ari direnekin edo hitz egiteko harreman-sareak nahi dituztenekin harremanetan jartzen dituen programa dago diruz lagundutakoen artean".
Programa horien guztien antolaketa osoa prestatzeaz, herritarrei informazioa ezagutarazteaz eta behar diren langile guztiak zein diru-kontuak kudeatzeaz Ttakun arduratuko da eta trukean 191.578,80 euroko laguntza jasoko du.

Itun berriak ikastetxeekin
Herriko lau ikastetxeetako zuzendariekin Udalak sinatu dituen hitzarmenak berriak dira. Dena den, Ricardo Ortegak nabarmendu zuen ikastetxeek hasiera-hasieratik, Udala osatu zenetik, lan egin dutela elkarrekin herriko haur eta gazteen hizkuntza maila hobetzen, baina egokia ikusi dutela burutzen diren programa guztiak hitzarmenean jasotzea.
Ondoren diruz lagunduko diren programen zerrenda egin zuen, eta nagusiak aipatu: ikastetxeetako aldizkariak (Irakutrezin, Esazu eta Irrintzi), pertsonaia ezagunen bisitak, zinea euskaraz ikusteko programa, eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzeko Hezitzaileek asko egin dezakete! programa, Lagunarteko hizkerarekin jolasean programa (gazte-hizkera lantzea helburu duena) edo Ahozkotasuna eta bertsolaritza programa.
Lau ikastetxeekin sinatutako hitzarmenak desberdinak badira ere, bai programetan eta bai dirutan, guztira lauen artean jasoko duten laguntza, 47.960,68 eurokoa da. Aurrekontu hori dauka Udalak.
Ikastetxeen izenean, Lasarte Usurbil institutuko Ester Urrutia, Sasoeta-Zumaburuko Koru Garmendia, Landaberri ikastolako Josu Garmendia eta Landaberri institutuko Abene Arriola.
Urchuegiak garrantzia eman zion aurkezpenean hitzarmenari, herriko parte handi baten jarduerak jasotzen direlako bertan. Gogoratu zuen Udaletik diru gehiena jasotzen duen erakundea dela Ttakun, eta hurrengo urtera begira krisi ekonomikoaren ondorioz agian laguntza berplanteatuko dela abisatu zuen. Ondoren diru publikoak ondo erabiltzeko eskatu zien hitzarmena sinatu duten erakundeei. Hitzarmenak, irailaren 1etik datorren urteko abuztuaren 31 bitarteko iraupena du. •