Olentzero eta hiru erregeek ez zuten hutsik egin lasarte-oriarrekin eta urtero bezala herritarren itxaropen eta nahiak bete zituzten.
Aurrena iritsi zena Olentzero izan zen noski. Hilaren 24an Okendo plaza ingurura jaitsi zen menditik zakua opariz beteta zekarrela. Pipa hortzetan zuela, haur eta gaztetxoen eskutitzak jaso zituen. Esti, Lur eta Markoren laguntza oparoa izan zuen lan horretan.
Eta urtarrilaren 5ean ekialdetik Olentzero bezain zintzo iritsi ziren hiru erregeak euren opariekin. Herriko kaleetan hainbat lasarte-oriar zeuden euren zain. Euripean baina umore onez heldu ziren azkenik bidai luzearen ondoren Okendora. Goizean euren laguntzaileek jaso zituzten haurren eskutitzak.•