Eskerrak eta gogoeta

Txintxarri 2009ko urtarrilaren 9a

Nire izena Lourdes Carrasco da, 14 urte dituen Beñat Bobilloren ama naiz. Pasa den abenduaren 13an, Beñat futbol partida bat jokatu zuen Eibarren aurka. Atezainarekin talka egin eta buru-hezurreko traumatismo bat izan zuen; konortea galdu zuen hiru minutuz, gutxi gorabehera. Mendaroko ospitalean ingresatu zuten eta gero Donostiako Erresidentzira ekarri zuten. Ezkerreko belarriko hezur bat hautsi zaio eta oraingoz belarri horretako entzumena galdu du, hala ere esan digute agian berreskuratu dezakeela. Abenduaren 17an berriz, oraindik ingresatuta zegoela, aurpegiko paralisi bat izan zuen; honetaz ere errekuperatuko dela esan digute. Bere aitak eta nik gure semea erresidentzian egun eta gau zaindu ahal izateko eta etxean ditugun beste bi semeak ere zaintzeko lana utzi dugu, noski.
Momentu delikatu hauetan beraien maitasuna eta babesa adierazi diguten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, senitartekoei, lagunei, futboleko beste kideen gurasoei, Ostadarreko nire semearen entrenatzaileei, Eibar taldekoei, ikastolako gurasoei, lankideei, nire semearekin talka egin zuen haurraren amari, honek ere hortza hautsi zuen, ikastolako irakasleei...eta abar luze bat.
Eta gogoeta egiteko eskatu nahi diet futbolaren inguruan pentsatzen eta antolatzen jarduten direnei, dena ahal den hobekien egin dadin. Badakit hauek ez dutela nahi haurrek istripurik izan ditzaten, baina gerta ez daitezen, behar diren neurri guztiak ez dituztela hartzen iruditzen zait.
Azaldu didatenaren arabera ulertzen dut futbolean talka egitearena baimendua dagoela, are gehiago, sustatu egiten dela. Haurrei esan zaiena zera da, talka egitea, ez izateko beldurrik ez zaiela ezer gertatuko, kolpe bat bakarrik, baina ez zaie babesten ordea.
14 urteko gaztetxoek jokatzera, kirolaz gozatzera eta ondo pasatzera joan behar dutela ulertzen dut nik, eta gainera irabazten badute, hobeto. Ez dira profesionalak, ez eta helduak ere, ez dago jokoan ez beraien prestigioa, ezta soldata ere, baina bai beraien osasuna.
Ez dakit haurren maila

hauetan mota honetako zenbat istripu izaten diren, federazioko kideren batek edo beste norbaitek datu hau izango balu, helaraztea eskertuko nioke. Nire semeari gertatu zaio, beste haurrei ez gertatzea gustatuko litzaidake, har ditzagun neurriak haurren istripuen datuak ahalik eta txikiena izateko. Nire semearen istripuaz, erresidentziko egonaldiaz, gertatu zaionaz eta agian geratuko zaizkion sekuelen inguruan instituzioetako "inor" ez da jabetu. Nirea semea bezala, agian badaude haur gehiago istripuak izan dituztenak eta inor jabetu ez dena.
Nire proposamena hau da, gure semeen partidetako emaitzekin orriak ateratzen direnean, hiru zutabe gehitzea laukiari, zeinetan istripuren bat izan bada, larria edo arina izan den eta nola saihestu zitekeen ipiniko zuena.
Deialdi bat egin nahi diet futbol federazioan dauden horiei, arautegia egiten dutenei edo modu batean edo besteak talka egin behar hori sustatzen dutenei, erabilpena arautu dezaten eta eskuragarri ipini ditzaten neurri guztiak lesio hauek ekiditeko, adibidez barrubigunen bat edo babesgarri bat buruan jartzeko. Eta adibide bezala jarri nahi dut Chelsea taldeko jokalaria, Cech, aspaldidanik kasko bat erabiltzen duela, arrisku honetaz jabetuta dagoen pertsona baita, berak ere izan baitzuen buru-hezurreko traumatismoa.
Berriro ere eskerrak eman gure semearen osasunaz arduratu diren guztiei eta batez ere nire seme Beñati, abenduaren 13an inoiz jaso dudan urtebetetzeko oparirik onena egin baitzidan, zorionez, konpondu ezin den ezer ez zitzaion gertatu eta. Eskerrik asko Beñat!

Erredakzioan itzulia

Lourdes Carrasco
Lasarte-Oria