Egungo udaletxean zaharberritze lanak egingo dituzte eta bertan udaltzainak, osoko bilkuren aretoa eta alderdi politikoen bulegoak utziko dituzte.
Eraikin berriak, berriz, bost solairu izango ditu eta egungo udaletxearen atzeko aldetik lotuta egongo da. Proiektu honek Okendo plazaren azpian 120 autoentzako aparkaleku bat eraikitzea aurrikusten du.
Bilkura berdinean, Kotxerasen 1.001 etxebizitza eraikitzeko -hauetatik 355 babes ofizialekoak- Arau Subsidiarioaren aldaketa puntuala, kontratazio espedientea eta lanak esleitzeko irizpideak onartu zituzten.
Gazako sarraskiaren aurka
Atzo goizeko bilkuran PSE eta EBak aurkeztutako mozioa onartu zen ia aho batez: denek eman zuten aldeko botoa PPko zinegotziak izan ezik. Hau abstenitu egin zen. Ezker abertzaleko hiru zinegotziak ez zuten parte hartu batzarrean.
PSE eta EBren proposamena onartzearekin, Israelgo Estatuak Palestinako herriarekin eta zehazki Gazan burutzen ari den sarraskia gaitzetsi zuen Udalbatzak. Era berean, Nazioarteko Komunitateari exigitzen dio batetik, hondamen humanitario honekin bukatu dezala Israelek eta bestetik dirua eta giza laguntza bidali ditzala. Espainiako Gobernuari, berriz, eskatzen dio Israelgo Estatuari armen salmenta eragozteko eta Palestinako herria laguntzeko beharrezkoak diren ekimen guztiak martxan jarri ditzala.
Honen harira, Ricardo Ortegak kontzientziak astindu eta esnatu behar direla esan zuen. "Ezin gara mutu geratu Israelgo Estatu terrorista burutzen ari denaren aurrean". Bestetik, herritarrak gonbidatu zituen manifestaldietan parte hartzera eta Israelen ekoizten diren produktuei boikota egitera. 729 zenbakiarekin hasten dira Israelgo produktuen barra-kodeak.
Galde-eskeak
Herri Plataformako Ana Isabel Prietok galdera-eskeen aukera erabili zuen "herritarren kezkak" azaltzeko. Alkateak erantzun egin dio. Herriko autobusa aurtengo aurrekontuetan onartua dago, beraz martxan jartzear dagoela esan zuen alkateak. Anbulategi berriaren irekiera asko luzatzen ari dela eta ea noizko egongo den jakin nahi zuen Ana Isabel Prietok. Baina, Osakidetzaren eskuetan omen dago erabaki hori. Loidi-Barreneko babes ofizialeko etxebizitzetarako izena emateko irizpideak ez direla ezagutzen salatu zuen. Alkateak erantzun zuenez, herriko errolda zehazten ari dira, epea irekitzen denean kanpokoak erroldatu ez daitezen.