Pablo Barriok Santurtziko Serantes IX. Antzerki Saria irabazi du

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urtarrilaren 10a

Sorpresa handiz jaso du Pablo Barriok Serantes IX. Antzerki Saria. "Isilka-mihisilka armiarmategian" euskarazko lana aurkeztu zuen antzerki testuen lehiaketara eta gabonen aurretik saritu zuten. Ez da jasotzen duen lehen saria: [i]Ama, hor al zaude?[/i] lanarekin lehen saria irabazi zuen ; Iruñeko Haurrentzako Antzerki Testuen lehiaketan [i]Herio azeri hori[/i] eta Abere hatsak eta beste animalia batzuk lanengatik saritu zuten eta Euskaltzaindiako Literatur Lehiaketa Kontrako bidean irabazi zuen.

Isilka-mihisilka armiarmategian antzerki lan hau nahiko berezia dela esan digu Pablok, "bai kontatzen den istorioren aldetik, eta baita erabilitako tratamendu literarioaren aldetik ere". Azken lan honetan hitz-jokoak erabili ditu, lanaren izenburuan islatzen den bezala. Baina, agian lanari izenburua aldatzen diola esan digu idazleak, gauzak erraztearren, "Armiarmategian". "Oro har, hitz-jokoekin eta hizkuntzarekin egin dut jolasa, irudi eta egoera bereziak sortuz. Forma aldetik ere, nahiz eta ezer berririk ez asmatu, egia da elkarrizketak aurkezteko modua ez dela ohikoena, eta beste tempo bat, arnas berezi bat, ematen dio horrek".

Alpontxo eta armiarmak

Lasarteoriarrak "Isilka-mihisilka armiarmategian" lanaren nondik norakoak kontatu dizkigu. Hiru pertsonaien arteko harremanean oinarritzen da istorioa: Alpontxo, eta bi armiarma, bata arra eta bestea emea. Eskola utzi zuenetik lan egindakoa da Alpontxo, lana eta Rosalito emaztea ditu maitasun bakarrak; lana batez ere, Ehundegi batean egindakoa. Enpresaren lekualdatzea dela eta, lanik gabe geratuko da bat-batean, lanik eta Rosalitorik gabe. Urteetan sartuta, zaharkitua ikusten du bere burua eta hor hasiko da bere gainbehera. Ehundegia itxita, armiarmek hartuko dute beraientzat hutsik utzitako pabiloia. Halako batean, nolabaiteko gerra bat sortuko da Alpontxo eta armiarmen artean. Gerra horren jatorria eta kronika kontatzen dira obra honetan.
Idazleak lan honen bukaera aurreratu digun arren, ez dizuegu honen berririk emango.

Saria

Urriaren 31n bukatu zen Testu Dramatikoen Serantes Sariaren bederatzigarren ekitaldian lanak aurkezteko epea. 21 lan jaso ditu Serantes Kultur Aretoak eta horietatik bost euskaraz idatziak. Serantes antzerki lehiaketak garai batean bi atal zituen, euskarazkoa eta erdarazkoa, eta atal bakoitzari 2.000 eurotako saria zegokion. Duela hiruzpalau urtetik hona ez dago hizkuntzaren araberako bereizketarik; orain sari nagusi bat dago, 2.800 eurotakoa, eta akzesita, 1.200 eurotakoa. Pablok akzesita jaso du, lana aurki argitaratuko diote eta talderen batek taularatzeko asmoa agertzen badu Santurtziko Serantes Kultur Aretoak eszenara eramateko ekoizpena ahalbidetzeko modua eskainiko dio.•