Zerotik abiatu behar izan genuen. Eta muga guztiak gainditu ditugu. Larunbat gauean, egiten zuen hotzaren gainetik Okendo dantzan ikusteak, herriko tabernariek azken urte hauetan lanik gehien egin duten gaua izan dela esateak, egun osoan zehar Lasartek izan zuen bisitari andana ikusteak, zerbait txukun egin dugulako sentipena utzi digu oraingoan.
Autogestioa
Baina badira hainbat gauza argitu beharrekoak, gaizki ulerturik eman ez dadin. Jaialdi hau antolatzen duen jendeak ez du inongo diru sarrerarik jasotzen, ez inongo elkarte ez eta instituzio ofizialen partetik, eta ezta nahi ere! Multimusikala, autogestiozko ariketa praktiko bat da, praktikan Okendoko gobernua asteburu osoan zehar herriko gazteena izan da.
Udaletxearen jarrera aipatu beharrekoa da: oraingo honetan jausi dira katamaloak, udaletxeari maskara, aurpegi polita kentzea lortu dugu. Mila adibidez erakutsi digute, praktikan oraingoan ere udaletxearen lana herriko gazteok egin behar izan dugula. Hitz emandakoak betetzeaz ere ez dira arduratu: igandean Buruntzaldeko pilota txapelketa zegoela eta guk gogorarazi behar izan genien komenigarria izango litzatekela udaletxeak komun publiko batzuk egokitzea, hurrengo egunean umeek era duin batean jokatzeko aukera izan zezaten. Hori betetzeko gai ere ez ziren izan, asteburu osoan zehar jendeak txixa zarrazta botatzeko ere lekuak bilatzen jardun behar izan zuen. Benetan diogu, oraingoan argi eta garbi ikusi dugu udaletxeko gobernua arduragabez osatutako gobernu bat dela, eta benetan Gazte Saila kudeatzeko ahalmen agerikoagoak ditugula egun antolakuntzan ibili garen gazteok hilean milaka eurotako soldata jasotzen duten burokrata kuadrilak baino. Argi eta garbi. Ezpairik gabe, traba besterik ez dute jarri, beraien papera laguntzea izan beharko lukenean. Laguntza eskaini, eskaini digute, baina beren baldintzak betez gero. Noski, hainbeste urtetako borroken ondoren badakigu udaletxe honek laguntza eskeintzeak galtzak jeistea esan nahi duela. Letra larriz. GALTZAK JEISTEA. Baina beno, argi eta garbi dugu udaletxeko gobernuak ere denbora laburrean aldaketa sakonak biziko dituela, egun kudeatzen duten burokrata arduragabe hauek etxera bidali eta benetako udaletxe demokratiko bat izango dugula ez denbora luzean. Herriak garbi erakusten baitu bere jardunean herri dinamiko, partehartzaile eta kudeaketa garbidun bat nahi duela eta ez egungo kortijo faxista hau. Baina nahikoa da, ez dute segundu bat bera ere gehiago merezi.
Eskertza
Eskertzen atalera heldu gara; hainbat izan dira (ez gehiegi ere) praktikan bere laguntza eskaini diguten norbanako eta elkarteak. Zorion eta hitz polit asko (gehiegi eta antzuak kasu askotan) entzun behar izan ditugu egun hauetan zehar. Jendeak jabetu beharko luke norbere aurpegia garbitzeko soilik ematen diren zorion horiek barregura eta amorrua sortarazten digutela, eta guk nahi duguna asanbladetara etorri eta antolakuntzan parte hartzea dela, ez besterik. Baina beno, aurtengoan jende batek behintzat txukun erantzun du, eta ez da gutxi.
Hasteko, jaialdiaren zabalkundean lagundu diguten elkarteei eskertu beharrean gaude, hala nola Gaztesarea, Musikherria, Txintxarri, Gara egunkaria… Iruñatik etorri zen gazte andana seguru zuen laguntzarik gabe ez zela bertaratuko. Bestalde, ekonomikoki zein bakoitzak ahal zuena emanez lagundu digutenei ere gure eskerrik beroenak: Sorgin jaiak, Etxezarreta, Larrañaga, Okela eta Aduriz harategiak, Astiazaran eta Otegi sagardotegiak, Xirimiri elkarteko junta, zuek prestatutako babarrun janak 130 lagunen urdailak ederki berotu zituen herri bazkarian, eskerrik asko!! Patxi, Txema, Oroz eta Rosa, zuek badakizue zergatik, eskerrik asko. Jokin eta Patxus. Ttakuni, Kikoneta uzteagatik. Gazte bilguneko txetxenitoak, larunbatean horren afari goxoa zerbitzatzeagatik, zuek zarete herriko etorkizuna! Aek, Bilgune Feminista, Segi, Bai Euskal Herriari, Ruti distri, zuen materiala erakusgai izateagatik. Dana Ona, Goiegi jatetxeak eta laguntza eman arren eskerrik jaso nahi izan ez duten horiek ere bai. Dakara jatetxea, babarrun janean denentzat ez eta di-da batean 18 lagunentzat lekua egin zenigutelako. Tirikitrauki musika denda. Elme aseguruak. Andoaingo Remi. Billabonako Udala, herrikoak ez eta kanpoko udaletxe batek laguntza gehiago eman digulako. Edorta, Karrantxo, Manitas, bakoitzak bere esparrutik beti herriaren mesedetan. Musik-eskolan bateria irakasten jardun zenuten Leire, Oihane eta Lierni, zuek bai etorkizuna, zorionak artixtak!! Eta nola ez, Multimusikaleko espikerra, aurkezlea, Martin. Hi haiz hi putoamua!! Ali Doner Kebapeko jendea, eta orohar jaialdian parte hartu duzuen taberna multzoa. Jaialdian parte hartu zenuten musika talde zein artistak, bihotz-bihotzez milesker.
Baina, inoren gainetik, jaialdian denak emanda, osasuna, lo orduak, dirua eta bizkarreko minak utzita ibili zareten herriko gazte horiei, aurtengo esperientzia brutala izan da oso aberasgarria, zuek bai txetxeno ta txetxena kuadrila, benetan, zorionak egin duzuen lan guztiagatik. Ziur nonor bidean utzi dugula, baina horrek ere jakin beza gure bihotzetan izango dela, hurrengo urteko antolakuntza lanetan hasten garen artean, behinik behin.
Hainbat alderdi ezkor ere izan zituen asteburuak. Antolakuntzak barkamena eskatu nahi die egun horietan zehar edozein eratako arazoak pairatu behar izan zituzten herritarrei. Kanpotik etorritako elementu desestabilizatzaile batzuek hainbat txikizio eragin zituzten herrian zehar, eta ozen adierazi nahi dugu jarrera hauen aurkako jarrera, antolakuntzak eskuetan dituen bitarteko guztiak erabiliko ditu jende hau zein den jakin eta salatzeko. Ez dugu ulertzen jende batek nola erabil dezakeen festa egun bat, herriko gazteon egun handia zentzurik ez duten jarrera hauek agertzeko. Eta espero dugu hurrengo Multimusikalean ez direla bertaratuko, bestela erantzuna oso desberdina izango baita.
Bestalde, lotsagarria iruditzen zaigu, Okendo asteburu osoan itxita egongo zela jakin arren, handik kotxeak kentzeko ahaleginik egin ere ez zuten horien jarrera. Herriarentzat lanean nor dagoen argi eta garbi geratu da (benetan eskerrik asko udaletxetik herriarentzat lanean ari zareten horiei). Baina argi eta garbi geratu da era berean bere balizko autoritatea erabiliz herriaren aurka dagoen gutxiengo baten jarrera, eta publikoki adierazi nahi diogu ez gaituela kikilduko, gauza bat udaletxeko langile izatea dela eta bestea herriarentzat herritik eta arduraz lan egitea. Gu azken honetan ari gara, zuk ezetz erakutsi zenuen. Ta berriz diotsugu, ez gaituzu kikilduko, popatik!! Uste dugu guzti hau ekiditeko bidea konplizitatean sakontzea dela, udaletxea eta antolakuntzaren artean beste tratu bat egon beharko luke, azken orduan inprobisatzen ibil ez gaitezen. Eta argi izan, askoz okerrago ere atera ahal izan zitekeen. Hor ere herriko gazteok ardura erakutsi genuen, baten batek sakonki eskertu beharko lukeen ardura. Espero dugu hurrengo ediziotan honelakorik ez gertatzea, denon onerako, batez ere herriaren onerako izango baita.
Eta ez dago askoz gehiagorik. Antolakuntzak bere prespektiba baikorrenetan ere ez zuen honelako erantzunik espero. Eskerrik asko parte hartu zenuten herriko gazte guztiei, argi eta garbi geratu da Txorimalo dela kasu honetan herriko gazteon instituzio erreal bakarra, ofiziala izan ez arren. Hurrengo urteko Multimusikala aurtengoa baino oraindik hobea izango dela espero dugu. Zorionak Txorimalo, zorionak Lasarteko gazteria eta aurrera beti!! •