Amaitu dira Eguberrietako festak eta urte berrirako asmoekin eta dietekin batera, balorazioak egiteko momentua dugu. Horregatik, Lasarte-Oriako Gazteria eta Festak sailak Eguberrietan antolatutako jarduerena egin du.
"Oso egun bereziak dira guztiontzako. Familiarekin eta lagunekin disfrutatzen ditugun egunak eta gure artean ez daudenak gogora ekartzen dituztenak. Udaletik nahi duguna da denok egun horiek disfrutatzeko aukera izatea," dio Jesus M. Zaballos saileko buruak oharrean. Eta, honela jarraitzen du, "aurten aldaketak egin ditugu, izan ere, betiko moduan eginda betiko emaitzak lortzen ditugula uste baitugu, eta gure asmoa berritzen joatea da gure hiritarrei zerbitzu hobea emateko."
Gabonetako Haur Parkearen esfortzu ekonomikoa azpimarratzen du eta urtarrilaren 4ra arte zabalik egon izana. "Guraso askok egiten ziguten eskaera da eta pena merezi izan du haurrak disfrutatzen ikusi ditugulako joko eta puzgarrietan. Harrera ona izan dute baita ere antolatu ditugun jarduerek, besteak beste, Poli eta Moly pailazoek, Mugi-Mugi diskotekak eta azken eguneko txokolate janak: gaztetxoek eta helduek denek gozatu zuten," adierazi du Gazteria eta Festetako arduradunak.
Urtezahar gauak ere aldaketak izan zituen. Manuel Lekuona kultur etxeko kafetegian egin zen eta, era honetara, "espazio erosoago batek hartu zituen bildu ziren ia 200 bizilagunak".
Beste jarduera batzuk ere aipatzen ditu oharrak, besteak beste, kiroletako udal zerbitzuak antolatzen duen uretako festa edo kale hezitzaileek eta SM61 Hip-Hop taldeak, Udaleko zenbait sailetako laguntzarekin, antolatu dituzten gazteentzako jarduerak, baita hauek izan duten partehartze handia ere.
Egun hauekin bukaera ematen dion Erregeen kabalgata ere mintzagai du. "Euritan pasa bazen ere, haurrak eta helduak gozarazi zituen," adierazi du Zaballosek.
Eta balorazioarekin bukatzeko, "azken finean, egun positiboak izan dira. Espero dut haurrek eta hain haurrak ez direnek disfrutatu eta ondo pasa izana. Eskerrak ematea besterik ez zait geratzen, bai parte hartu duten pertsona guztiei eta baita jarduera guztiak aurrera eramatea posible egin duten guztiei, izan ere, beraien laguntza gabe ez zen posible izango. Mila esker eta 2009 zoriontsua izan dezazuela." •