Heziketa-ekintzak kalean gaztetxoentzat

jon-altuna 2009ko urtarrilaren 12a

Harrera ona izan dute gaztetxoen artean Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Kale Hezitzaileek gabonetan antolatutako ekitaldiek. Abenduaren 23an Villa Mirentxun eta 30ean Andatza Plazan hainbat jarduera burutu ziren Udaleko Gazteria Sailaren eta herriko Hip Hop elkartearen laguntzarekin. 10-18 urte arteko herriko neska-mutil askok parte hartu zuten eta zenbait tailer, erakustaldi eta emanaldiz gozatzeko aukera izan zuten. Oporretako ekintza hauen helburua, antolatzaileek adierazi dutenez, kalea gune hezigarri bezala aldarrikatzea eta herriko gazteei denbora librerako eskaintza zabaltzea dira.

Kale Hezitzaileek gabonetako jardueretan parte hartu duten gazte guztien jarrera eskertu dute "gure herriko kaleei kolorea" eman diotelako eta hurrengo urteko gabonetarako gonbidapena luzatu diete. Abenduaren 23an villa mirentxuko trinketean ehun bat lagun bildu ziren arratsaldeko 4etatik 8etara bitartean. 10 eta 18 urte arteko gaztetxoek hainbat gauza probatzeko aukera izan zuten, graffitti, makillaje, henna, malabarrak, globoflexia, txapa eta break-dance tailerretan Gainera Lasarte-Oriako Soulriders gazte taldekoek Parkour erakustaldi bat eskaini zuten. Parte hartze handia eta horri esker izan zen giro bikaina nabarmendu dute antolatzaileek. "Gehien gustatu ziren jarduerak break eta txapen tailerra izan ziren".
Hilaren 30ean Andatza plazara abiatu ziren gazteak. Tailerrak utzi eta erakustaldi-emanaldi ezberdinez gozatzeko aukera izan zen arratsalde eta gauean. Musika eta dantza, giro bikaina izan zen arratsaldez, Andatzako oholtzan. Graffitti, Beat box, Parkour edo Break Dance ezagunak dira gazteenen artean eta denetik izan zen. Herriko Desaster 92 rock taldearen lehen emanaldiaz ere gozatu ahal izan zuten bildutakoek. Meriendaren ondoren, ilundu eta gero, Lasarte Oriako Hip Hop taldekoek hartu zuten mikrofonoa. Hau parte hartu nahi zuenarentzat zabalik izan zen eta musika ona zein artista gazteen gaitasuna nagusitu ziren Andatza plazan. Hip Hop-eko doinu eta gitarra elektriko baten soinuaren arteko fusioaz ere gozatu ahal izan zuten bildutakoek. •